Atletismoa

Alzheimerraren Egunera mugitu dute Josefina Arregi Klinikako martxa

Guaixe 2024ko ira. 16a, 10:00

2023ko edizioa maiatzaren 14an izan zen, euripean. ARTXIBOA

Irailaren 21ean, larunbata, Josefina Arregi Klinika Alzheimerraren III. Herri Martxa-Lasterketa izanen da, Alzheimerraren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Egitarau zabala prestatu dute, eta izena ematea zabalik dago.

Irailaren 21a da Alzheimerraren Nazioarteko Eguna, eta Josefina Arregi Klinikak egun horretara ekarri nahi izan du Alzheimerraren III. Martxa-Lasterketa herrikoia. Ekimenarekin Alzheimerra ezagutarazi nahi du klinikak, gaixotasunaren sentsibilizazioa eta prebentzioa egin, eta kirol-ohitura osasungarriak sustatu. Bide batez, klinikarendako laguntza jaso nahi da. 

Lasterketan hiru modutan har daiteke parte: korrika, oinez edo 0 km dortsala erosita. Hiru zirkuitu diseinatu dira: 9,5 kilometrokoa, korrikalariendako; 8 kilometrokoa, oinezkoendako; eta 4 kilometrokoa, adinekoendako edo haur txikiak dituztenendako. Klinikatik abiatuko dira, oinezkoak 10:30ean eta korrikalariak 11:30ean. Izena ematea zabalik dago, klinikako webgunean, eta egunean bertan ere, martxaren aurretik, izena eman ahalko da. Prezioa 10 eurokoa da, eta kamiseta eta opariak jasoko dituzte. 

Martxaren egunean Altsasuko plazan zenbait ekitaldi antolatu dira, 10:30etik 13:00etara. DJ Reimyk animatuko du giroa. Haurrendako puzgarriekin eta Lactutxiki maskotarekin batera, belaunaldien arteko jarduerak egongo dira. Haurrek eta gazteek adineko jantzi simulatzailea eta Teknologia eta esperientziak partekatuz proiektuaren errealitate birtualeko betaurrekoak erabiltzeko aukera izango dute, adinduen tokian jartzeko. Adinekoek, aldiz, Altsasu mugitzen da programaren barruan lantzen den ariketa fisikoa egiteko aukera izango dute. Eguerdian erraldoiak eta euskal dantzak izanen dira, eta probak bukatzerakoan, salda, txistorra eta gazta banatuko dira plazan eta zozketak eginen dira. 

Hitzaldiak
Martxaren aurretik, irailaren 20an, ostirala, Josefina Arregi Klinikako profesionalek bi hitzaldi eskainiko dituzte Vivir con el Alzheimer lelopean. Lehenengoa Altsasuko Jubilatuen Klubean izango da, 12:00etan, eta Laura Moreno neuropsikologoak emango du. Bigarren hitzaldia Ander Galarzak emango du, 17:30ean, Etxarri Aranazko Jubilatuen Klubean. 

III. Alzheimerraren Herri Martxa-Lasterketa

Irailak 20 ostirala

12:00 Vivir con el Alzheimer, Laura Moreno neuropsilogoaren hitzaldia, Altsasuko Jubilatuen Klubean.

17:30 Vivir con el Alzheimer, Ander Galarzaren hitzaldia, Etxarri Aranazko Jubilatuen Klubean.

Irailak 21 larunbata

Altsasuko Foru plazan

Goizean zehar, DJ Remy.

10:30 Oinezkoak.

11:30 Korrikalariak.

11:00 Puzgariak, Lactutxiki, adinenkoendako kirol jarduerak, belaunaldieartekoa: zahartze simulagailua, betaurreko birtualak.

12:00 Erraldoiak eta euskald antzak.

13:00 Zozketak.