Altsasuko Udalaren kontratua eskuratu ondoren, Elecnor Servicios y Proyectos SAU enpresako langileak Zelandi eskola publikoan lanean egon dira. Azpiegitura elektrikoa zaharberritzeko lanen hirugarren fasea egiteagatik udalak 81.275,50 euro (BEZa barne) ordaindu dio. Honako lanak egin dituzte: koadro elektrikoak egokitu eta legeztatzeko, kable elektrikoak berritzeko eta lan osagarriak egiteko proiektuaren barruan aurten egin beharrekoa zen hirugarren fasea.
Lanak egin aurretik Zelandi eskolak ohiko argindar hornidura zuen. Baina eraikinean 300 pertsonatik gorako okupazioa aurreikusten denez, sorospen-instalazio osagarri bat jarri behar da. Elektrizitate hornidura osagarri horren potentzia hornidura arruntaren % 100ekoa izan behar du. Udalak erabaki du elektrizitate hornidura osagarri hori Zelandi kiroldegiko transformazio zentrotik hartzea eta ikastetxeraino kable bidez eramatea.
Bestalde, Altsasuko Udalak Txirinbulo haur eskolako jangela zerbitzua Auzo Lagun kooperatibari eman dio 15.889,72 euroren truke. Azkenik, piroteknia materiala eskuratzeko 18.513 euro (BEZ barne) bideratu du udalak. Felix Martinez de Lezea SM enpresari erosi dio.