Dantzalekuko igerilekua konpontzeko deialdia egin du udalak

Guaixe 2024ko ira. 20a, 11:17

Dantzalekuko igerileku ertaina. UDALA

Lanak egiteko hiru hilabete izanen ditu enpresak.

Altsasuko Udalak Dantzaleku kirol gunean dagoen igerileku ertaina konpontzeko lanen deialdia egin du. Uda honetan ezin izan dute igerileku hori erabili. Udalaren asmoa da bere ontzia konpontzea, urak ihes egiten baitu eta, ondorioz, etengabe ura sartu behar izaten baita. Lanek 49.274,68 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Obra bere gain hartu nahi duenak eskaintza irailaren 25eko 23:59ra arte aurkez dezake. Udalak deialdia egiten duen bigarren aldia da, aurrenekoan hutsik gelditu baitzen. 

Matxura konpontzeko, batetik, igerilekuak duen zeramikazko estalduraren gainean PVC armatuzko estaldura berria jartzea aurreikusten da. Horrela, iragazketa arazoak konpondu nahi ditu udalak. Izan ere, ur ihesek beharrezkoa egiten dute etengabe ura ematea. Bestetik, igerileku handiaren eta txikiaren instalazioaren konpentsazio hodiak ere konponduko dituzte. Konpentsazio ontzi horiek hormigoi armatuz eginak daude eta ura pasatzen uzten dute, barrutik kanpora eta alderantziz. Urak kanpora ihes egitearen ondorioz, igerilekuei ura etengabe bota behar zaie. Konpentsazio ontzietara ura sartzearen ondorioz, berriz, lohiak sartzen dira eta ponpak trabatzen dituzte.