Altsasuko Udalak Iortia kultur gune pareko plazan frontoi txiki bat eraikitzea erabaki du, batez ere adingabeek eta pilota praktikatzen hasten diren pertsonek erabil dezaten. Frontoi txikia tren lokomotoraren eta estalpearen artean eraikiko da. Sei metro zabaleko frontisa eta zortzi metroko luzera duen ezker pareta izanen ditu. Frontisak eta ezker paretaren hasierak bost metroko altuera izanen du, baina ezker paretaren akaberan lau metrokoa izanen da altueran. Porlanezko 40 cm-ko zabalerako paretak izanen ditu frontoiak eta berde kolorekoa izanen da. Estalpetik pixka bat urruntzeko berdegunearen zati bat (10 m2) hartuko du frontoiak.
Udalak frontoi txikia egiteko 78.436,33 euro (BEZik gabe) ditu. Lanak egiten interesa duen enpresak bere eskaintza irailaren 25eko 23:59ra arte aurkez dezake. Obra bere gain hartzen duen enpresak 60 egun izanen ditu lanak despeditzeko.