Irailaren 15ean jokatu zen Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako 95. Altsasu Txirrindularitza Proba, afizionatuen mailan Sakanan jokatzen den proba bakarra. Aurten, aspaldiko partez, probak ez zuen Lehendakari Txapelketarako puntuatzen; Nafarroako Torneorako baliagarria zen azken proba izan zen. Irteera baino lehen minutu bateko isilunea gorde zen berriki zendutako Manolo Azkonaren (Kern Pharma, Galibier) omenez.
Lasterketan 94 txirrindulari zeuden izena emanda, baina soilik hogei txirrindularik lortu zuten lasterketako 141 kilometroak osatzea eta helmugara heltzea; txirrindulariei denboraldia luze egiten ari zaiela agerian geratu zen. Altamira zazpi aldiz gainditu behar izan zuten, eta Urdiain eta Altsasu bitarteko San Pedroko buelta ere zenbaitetan egin zuten.
25 txirrindulariz osatutako taldeak ihes egin zuen, eta bertan Rural Kutxa eta Laboral Kutxak protagonismoa izan zuten. Azkenean, etxeko taldeak, Rural Kutxak, agindu zuen, eta lehen bost postuetan lau txirrindulari sartu zituen. Irabazlea, meritu handiz, Javier Ibañez izan zen (Rural Kutxa), helmugara bakarrik iritsita. Bezperan Oñatin irabazi eta gero, doblete ikaragarria lortu zuen Rural Kutxako txirrindulariak. 45 segundora Aitor Agirre (Laboral kutxa) eta Iker Perez (Rural Kutxa) sartu ziren, eta 1:27ra Rural Kutxako Aimar Erostarbe eta Jan Castellon. Aimar Tadeo lakuntzarra (Finisher) hamahirugarren sailkatu zen, 1:27ra, talde nagusian. “Etxean irabazteagatik oso pozik” zegoela aitortu zuen Ibañez arabarrak.
Mendiko Txapelketa Iñaki Trujillok (Eiser Hirumet) irabazi zuen, tartekako helmugena Jhon Alexander Castillok (Telcom) eta taldekakoa, jakina, Rural Kutxa-Aleak. Altsasu Kirol Elkarteko Felix Mazkiaranek eskerrak eman zizkien lasterketa aurrera ateratzeko lanean aritu ziren 70 boluntarioei.
Mikel Uncilla, laugarren Oñatin
Egun bat lehenago, irailaren 14an, Oñatiko Proba jokatu zen, Lehendakari txapelketarako baliagarria. Rural Kutxak errezitaldia eskaini zuen, Javier Ibañezek irabazi baitzuen bere taldekide Jan Castellonekin izandako esprint estuan. Mikel Uncilla etxarriarra (Rural Kutxa) laugarren sailkatu zen. Jon Gil lakuntzarra (Supermercados Froiz) 27. iritsi zen helmugara, eta Aimar Tadeo lakuntzarra (Finisher) 49. Rural Kutxa izan zen talderik onena.