Giro ezin hobeagoan jokatu ziren Pilotajauku klubak antolatutako 53. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoko finalak, 400dik gora pilotazale bildu baitziren Burunda pilotalekuan.
Hasteko eta behin Pilotajaukuko infantilen finalean Azkonak eta Beramendik jantzi zuten txapela, Carabiasi eta Riosi 18-10 irabazi eta gero.
Segidan promesen mailako lau eta erdiko finala jokatu zen. Ibarluzea (Lapke) gailendu zitzaion Sarasibarri (Oberena), 22-14, 52 minutu iraun zuen partidan 305 pilotakada gurutzatu eta gero. Hasieran oso paretsu ibili ziren bi pilotariak, zazpi aldiz berdinduta egon baitziren: bina, hiruna, launa, bosna, hamaikana eta hamalauna, baina berdinketa horretatik aurrera, Sarasibar finago ibili zen, 8 tantoko takada egin zuen, eta zuzenean joan zen 22raino, garaipen ederra lortuaz. Ibarluzeak hiru tanto egin zituen sakez, Sarasibarrek ezta bat ere; Ibarluzeak bi akats, sakeko falta bat eta pasa bat egin zituen, eta Sarasibarrek sei akats.
Bukatzeko eliteen binakako finala jokatu zen. Irurtzun klubeko Josu Igoa etxarriarrak eta Santestebanek Irribarria gipuzkoarra eta Sotil nafarra izan zituzten aurkari. Igoa oso fin ibili zen, eta Santestebanen laguntza eta babes sendoarekin, 22-12 irabazita, Altsasuko txapela preziatuak jantzi zituzten, 52 minutu iraun zuen partidan 467 pilotakada gurutzatu eta gero. Hasiera partean parez-pare ibili ziren bi bikoak, baina zazpinako berdinketaren ondoren zazpi tantoko takadarekin 17-7 aurreratu ziren Igoa eta Santesteban, eta min handia egin zioten aurkariei. Bukaeran, 22-12 gailendu ziren.