Hotza nahi gabeko gonbidatua izan bada ere, animazio handia izan da Altsasuko festetako asteburuan. Ostiralean 50 urte bete zituen Neska-Muthiko Txikiak peñaren kolore txuri-gorriak nabarmendu ziren. Udalak herriko adinduak omendu zituen. Goizean 1925ean jaiotako Clara Olmedillo Aldasoro eta Jose Bergera Fernandez de Garaialde y Lazkano omendu zituen. Adinduen herri bazkarian, berriz 114 pertsona elkartu ziren.
Larunbatean atzeneko ezkila errepika jo zuten Felix Martinezek, Asier Beramendik eta Jon Kepa Evertsek. Maiatzeko gurutzetik irailekora eguerdiro entzun dira ezkila errepikak, hutsik egin gabe. Hura despedituta, kintoek zortzikoa dantzatu zuten plazan. Trasteando taldearen emanaldia eta gero kantu bazkaria eta Palestinaren aldeko elkartasun bazkariak izan ziren.
Igandean Haize Berriak banda izan zen protagonista, kalejira eta ondorengo kontzertuarekin. Su festak eta trakak eman zioten akabera aurtengo festei.