Txirrindularitza

Iker Gomez, Hector Alvarezen zilarraren gakoetako bat

Guaixe 2024ko ira. 17a, 09:30

Iker Gomez, selekzioko taldekideekin, Belgikan. FEDERAZIOA

Txirrindulari altsasuarra hustu egin zen selekzioko bere liderra Europako Txapelketetako podiumera igo zedin 

Belgikan jokatutako Europako Txirrindularitza Txapelketetatik bueltan da Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra. Quesos Albeniz Burunda klubeko txirrindularia Espainiako selekzioarekin lehiatu zen Belgikan, bai erlojupekoan –24. sailkatu zen–, eta baita ere irailaren 14an, larunbata, jokatutako errepideko lasterketan. 

Lasterketa luzea jokatu zuten juniorrek, 129,7 km-koa. Selekzioko Hector Alvarez liderra laguntzea zen selekzioaren helburua, eta baita lortu ere. Iker Gomez eta gainontzeko taldekideek Alvarezen alde lan ordainezina egin zuten, eguneko ihesaldia neutralizatzeko ekimena hartu baitzuten tropelean, eta galtzadarrien eremuan ere ikusgarri aritu ziren. Gakoak izan ziren Alvarezek Europako Txapelketetan zilarrezko domina lortzeko, Orn-Kristoff txapeldunaren atzetik. “Taldearen lana eskertu nahi dut, lan ikusgarria egin dute” nabarmendu du Alvarezek.