Altsasuko Udalak, 2024-2025 bi urteko baso kudeaketarako planari jarraituz, aurtengo basolanak egiteko proiektuaren erredakzioagatik eta obra zuzendaritzagatik 5.968,67 euro (BEZ barne) ordaindu ditu. Lanak egiteko kontratua, berriz, Eulen SA enpresak eskuratu du 51.031,54 euroren (BEZik gabe) truke. Egiteko bat Basoitxin du. Udalak 1,05 hektareatan 308 zuhaitz landatu zituen joan zen urtean: 116 gaztainondo, 96 bertako haritzak, 64 serbala eta 32 ezki. Landaketa horrekin baso ekoizpena eta erabilera publikoa, aisialdia, uztartu nahi izan zuen. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, "bi urteko zuhaitz landare guztiak tutuz babestuta daude. Haien inguruan sortu diren sasiak eta amerikar haritz zuhaixkak kentzen hasi dira langileak udan. Balankalekun ere laritzak eta gaztainondoak landatu zituen udalak joan zen urtean. Hazten eragotz diezaieketen sasiak eta zuhaixken garbiketa egin dute udan".
Aldi berean, Azunzarte dermioan dagoen itxitura berri batekin ordezkatuko da. Han abeltzaintza erabilerarako 11 hektarea daude. Udalak herriko larreen erabilera hamar urterako eman zuen garileko bilkuran. "Eta eremu hori abeltzaintza jarduera nagusi gisa dutenei zuzenduta egonen da", zehaztu du alkateak.
Dermaun ere abeltzaintza erabilerarako hainbat herri larre daude. Ollok azaldu duenez, "hura abeltzaintza zaletasun gisa duten hainbat altsasuarrek erabili dute. Baina itxiturak txikiak eta egoera txarrean daudenez, haiek kendu eta perimetro guztia hartuko duen itxitura berria jarriko du udalak, guztira 23 hektareako eremua hartuz". Aurten lan horren zati bat eginen da, eta heldu den urtean bestea. "Larreen erabilera ematerakoan Dermaun abeltzaintza jarduera nagusi dutenendako eta ez dutenendako larreak izanen dira. Horregatik, etorkizunean, itxitura nagusiaren barruan barne itxiturak eginen ditu udalak, larreak abeltzainen artean banatu ahal izateko", azaldu du alkateak.
Segida
Altsasuko Udalak dagoeneko Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari 2025eko lanendako dirulaguntza eskatu dio. Teknikarien lana eta haiek egiteak guztira 77.279 euroko aurrekontua du. Ollok jakinarazi duenez, "Basoitxi eta Balankalekuko basoberritzeen mantentze lanek segida izanen dute. Landatutako zuhaixkei konpetentzia egiten dieten sasiak eta zuhaixkak garbituko dira".
Ulaiar dermioan bakanketa eginen du udalak heldu den urtean, hau da, dauden zuhaitzetako batzuk moztuko ditu. Alkateak azaldu duenez, "han dagoen hariztian baso aprobetxamendua egiteko bakanketa egin zen duela urte batzuk. Baina 7,8 hektareatan egurra baliatzea ez zen bideragarria eta egin gabe gelditu zen. Horregatik, heldu den urtean eremu horretan eginen da bakanketa".
Aldi berean, San Pedroko zelaian sortu diren sasitzetako batzuk kenduko dira heldu den urtean. "Paisaia eta aisialdi helburuarekin eginen den garbiketa, baso garbiaren itxura eman dezan". Udalak gobernuaren dirulaguntza eskaera jasotzen ez badu, lan hori ez luke barne hartuko.
Horiez aparte, nekazaritza azpiegiturak hobetzeko dirulaguntzak ere eskatu ditu udalak 2025erako. Egin nahi diren lanen aurrekontua 87.064,98 eurokoa da. Alde batetik, Larrezabaleko bidea asfaltatuko litzateke institutua eta Beikolar artean. Gainera, udalak eginen dituen asfaltatze lanen artean Gurdilazko bidea dago. Lanak 62.384 euroko aurrekontua izanen du. Aurtengo dirulaguntza deialdira aurkeztu zuen udalak lan hori baina atzera bota zioten eskaera.