Astekaria

Hiru hilabete Sunsundeguiren finantzak onbideratzeko

Guaixe 2024ko ira. 23a, 11:48

Langileak lan eta etorkizun duina eskatzen. ARTXIBOA

Autobusak karrozatzen dituen enpresa hartzekodunekin zorra negoziatzen hasi da. Konpainiaren egungo zorra 48,8 milioikoa da; horietatik 8,9 hornitzaileei zor zaizkie, eta beste 39,9 finantza-erakundeei eta erakunde ez-finantzieroei. Lan karga badu.

Ez da giro Sunsundeguiren lantegian. "Tentsio egoera dago. Ez bakarrik Volvoko proiektuarekin etorri zirenen artean, langile guztein artean baizik. Jendea urduri dago eta giro txarra dago". Hala jakinarazi digu langileen ordezkarietako batek. Are gehiago, KPMG aholkularitza enpresaren txostenaren berri izan dutenean. Hartan jaso denez, egungo ekoizpenerako langile gehiegi daude. Langileen ordezkariek nabarmendu dutenez, "egoera ez da oraingoa. Atzetik heldu da. Lehengo kudeaketa txarra orain ordainduko dugu". Izan ere, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek hainbatetan enpresaren kudeaketa txarra salatu izan dute. Hamarkada pasa daramate hori salatuz ohar, bilkura eta Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldi eta bilkuretan. 

Enpresa batzordeak aurretik ere marra gorriak jarrita ditu eta kontsultatutako langileen ordezkariek azaldu dutenez horiei eutsiko diete. Batetik, langileen lan baldintzak ez ukitzea. Sindikatuek behin eta berriz salatu dute langileek murrizketa handiak jasan eta ahalegin handiak egin dituztela azken hamarkadan. Horrekin batera, enpleguaren defentsa eginen dutela gaztigatu dute. 

Egoera kezkagarria da Sunsundeguin, baina baita haren hornitzaileak diren enpresetan ere. Haietan Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak mahai gainean daude. Karrozatze enpresak finantza merkatuek eragindako krisiarekin antzeko egoera bizi izan zuen eta hartzekoduei zorraren zati bat barkatzeko eskatu zien 2009an eta 2011n, tartean Sakanako hainbat enpresa eta autonomori. Haiek diru asko galdu zuten orduan. Haietako askok hura ez dute ahaztu, eta bertako nagusiak eta langileak kezkatuta daude ere. 

Finantza egoerari buelta ematera
Volvok Sunsundeguiri 5,1 milioi euro aurreratu zizkion otsaila eta agorrila bitartean. Diru hori bukatzen bada, likideziarik gabe geldituko da Altsasuko enpresa irailean bertan. Guztira 48,8 milioi euro zor ditu eta zordunekin negoziazioa hasi zuela jakinarazi zuen asteartean. Altsasuko konpainiak adierazi duenez, elkarrizketek "hazkunde helburuak betetzea ahalbidetuko duen akordio bat lortzeko" balio nahi dute. Sunsundeguik uste du proposatutako helburuak hiru hilabete baino epe laburragoan bete ahal izango dituela. Negoziazio aldi hori, hiru hilabete, ordainketa etenduraren aurreko fasea da. Epe horretan Sunsundeguik banku, hornitzaile eta erakunde publikoekin zorra birnegoziatzeko aukera izanen du. Bankuekin akordioa irailaren 30erako izan beharko luke. Ondoren gainontzekoak etorriko lirateke, baita langileak ere. Interes tipoen jaitsierak aldeko izan daitekeela aipatu dute zenbaitek. Gainera, zuzendaritzak krisiari aurre egiteko enpresa berregituratzeko asmoa du. Bestalde, ezin bestean, enpresan dirua sartuko duen inbertsore bat bilatu behar du Sunsundeguik. 

Langileen ordezkariek azaldu dutenez, "pandemiak kalte egin zion enpresari. Ez zen eskaerarik izan, eta muskulurik gabe harrapatu zuen". Sunsundeguik berak aitortu du: "finantza-zailtasunak ditugu 2021etik". Cofidesen eta Sodenaren babesa jaso zuenetik "negozioaren berreskuratze operatiboa hasi du: 2020an salmentak 73,2 milioi eurokoak izan ziren, eta 2022an 26,6 milioiko haranera jaitsi ziren. 2023an 34,1 milioiraino berreskuratzea lortu zuten", zehaztu du. 

Langileen ordezkariek azaldu dutenez, "enpresak lan eskaera handia du". 521 autobus heldu den urterako, hau da, 80 milioi euro faktura litzake heldu den urtean. Baina azken aldian baldintza txarretan lan egiten aritu direla gaineratu dute, beharrezko materialak eta piezak ez zituztelako lan egiteko. Horrek urte hasieran produkzioan eragina izan zuen eta eguneko autobus bat ekoiztera pasa ziren, gutxiegi enpresa errentagarria izateko. Zuzendari aldaketa izan zen apirilean eta garagarrilean egunena 1,5 autobus egitera pasa ziren. Enpresaren asmoa da 1,7 edo 1,8 autobusetara iristea aurki hurrengo hilabeteetan egunero bi autobus egitera pasatzeko. Helburu hori lortuta, urteko errentagarritasuna asko handituko da. Hala ere, aholkularitza enpresak azpimarratu du Sunsundeguik "errentagarritasun handiagoko autoen modeloak" egin behar dituela.

Industria kontseilari Mikel Irujo Amezagak jakinarazi duenez, Volvoko zuzendaritzarekin bilera egin zuen agorrilean eta haiek Altsasuko enpresarekin duten konpromisoa berretsi zuten. Irujok sindikatuekin harremanetan egotearen garrantzia azpimarratu zuen ere.  

Zorraren datuak

Nafarroako Gobernuaren ekarpenak

2013ra arte 34,29 milioi euro.
2019 1,5 milioi euro. 
2021-01 3,4 milioi euro. 
2023-12 4 milioi euro. 
2024-04 6 milioi euro. 

Sein bankuren maileguak

16 milioi euro. 

Cofides

9 milioi euro. 

Hornitzaileak

8,9 milioi euro.

ICO

5,5 milioi euro.