Altsasuko Udaleko Berdintasun Arloak Emai, Altsasuko Emakumeen Ahalduntzerako Gunea izeneko programa diseinatu du herriko mugimendu feministarekin elkarlanean. Egitasmoaren helburu nagusiak dira: emakume anitzen arteko harreman, laguntza eta ahizpatasun sareak sortzea; emakumeen partaidetza soziopolitikoa indartzea; eta emakumeen ahalduntze pertsonala eta kolektiboa lortzeko tresnak eta baliabideak eskaintzea. Haren eta udazkenerako antolatutako ekimenen aurkezpena irailaren 25ean,18:30ean, Gure Etxean.
Emai-ren baitan era askotako jarduerak garatzea aurreikusten dute: hitzaldiak, tailerrak, ikastaroak, jardunaldiak, gune iraunkorrak eta zerbitzuak. Edozein modutan, emakumeek egindako ekarpenak funtsezkoak izanen dira horiek zehazterakoan. Urtean bi aldiz eginen da jarduera eskaintza: uda-udazkenean eta negu-udaberrian. Parte- hartzaileek aldez aurretik izena eman beharko dute.
Udalak 2019an jauzi kualitatibo bat eman nahi izan zuen emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzeko, eta Emakumeen Bilgunea programa diseinatu zuen; baina pandemiaren ondorioz ezin izan zen garatu. Etenaldi horren ondoren ez zaio berriro ekin ahalduntzearen ardatzari, eta ordutik Berdintasun Arloaren lehentasunetako bat izan da.
Egitasmo eta udazkenerako egitaraua heldu den asteazkenean aurkeztuko dute, Pantxika Lamurren parte hartzarekin. Ondoren merienda izanen da. Udalak emakume altsasuar guztiak parte hartzera gonbidatu ditugu. Aldi berean eskertuko du aldez aurretik izena ematea Berdintasun Arloan: 948 56 48 23 edo 628 328 593 telefono zenbakietan edo berdintasuna@altsasu.net posta elektronikoko helbidean.