Irribarrea, euskaltegian matrikulatzeko gonbidapena egiteko

Guaixe 2024ko ira. 24a, 13:29

Pantxika Lamurrekin batera ariketa egitera animatu ziren. UTZITAKOA

Altsasuko azokan eta eskolako irteeran helduek euskara ikasteko aukera dutela gogorarazi zuen Pantxika Lamur clownak. Ikasketa prozesua malgua dela, herrietan taldeak sor daitezkeela eta dirulaguntza handiak daudela jakinarazi zien herritarrei.

Azoka eguna Altsasun. Frutak, barazkiak, arropa zuria, larruzko produktuak, erloju konponketak, arropak, oinetakoak... Eta horiek eskaintzen dituzten postuen artean makina bat herritar, poltsak, kapazuak edo gurditxoak aldean dituztela haien erosketak sartzeko. Edo Zelandi eskola publikoko ikasleen irteera. Gurasoak zain beraien txikiak jaso eta haiekin etxera bazkaltzera joateko. Umeak irten aurretik guraso taldeak, batean eta bestean sortuak, elkarrekin hizketatzen. Irailaren 18an asteroko irudia errepikatuko litzateke, baldin eta Pantxika Lamur clowna agertu ez balitz. 

Lamur berezkoa duen indar eta jario biziarekin postuz postu ibili zen han zeuden altsasuarrekin, sakandarrekin eta saltzaileekin hitz egiten. Clownak euskara ez zekitenei edo gutxi zekiten guztiei gomendio bera eman zien: euskaltegian izena ematea. Lamurrek jakinarazi zien gainera, Sakanako Itsasi euskaltegian maila guztiak ikas zitezkeela, "hasiera mailatik C2 mailara. Gainera, euskara praktikatzeko doako Mintzakide programa dago". Bakarren batek erreparoren bat jarri zion, baina  Lamurrek erantzun zion euskara ikasteko prozesua "oso malgua" dela: "aurrez aurreko klaseak goizez nahiz arratsaldez, autoikaskuntza, online ikasketa eta abar daude". Jakinarazi zienez, "momentuz klaseak Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun izanen dira. Baina nahikoa ikasle elkartuz gero edozein herritan taldea sor daiteke". 

Azokan zeudenei jakinarazi zienez, “euskara ikasteko aitzakiarik ez dago, dirulaguntza handiak daude: matrikularen %80 edo gehiago ordaintzeko laguntza ematen dute Sakanako Mankomunitateak, udalek eta Euskarabideak". Batean eta bestean, gaineratu zuenez, "zalantzarik edo informazio gehiago nahi baduzue, hots egin Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzura (948 464 840) edo AEK-Itsasi euskaltegira (607 624 392)". Azkenik, jakinarazi zien elaide.eus webgunean Nafarroako euskaltegien, euskara ikastaroen eta dirulaguntzen berri jasotzen zela. 

Lamurren agerraldia Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu zuen, Sakanako AEK-rekin, Itsasi euskaltegiarekin, elkarlanean.