Gastronomika Talent Nafarroa lehiaketak gastronomiako profesional gazteen talentua aitortzen du. Sariaren oinarrien arabera, hautagaiek 40 urte baino gutxiago izan behar dituzte, eta sukaldaritzaren eta ostalaritzaren hainbat alderdi nabarmendu behar dituzte. Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusiak antolatu du lehiaketa, eta sari banaketa irailaren 17an, asteartean, egin zuen. Ekitaldian Nafarroako sukaldaritzako makina bat gastronomia talentu elkartu ziren, tartean altsasuarrak. Profesionalez osatutako epaimahai baten ardura izan zen hamaika kategoriatako sariak banatzea. Pintxo Barra Onenaren kategorian Altsasuko Arkangoa tabernako Oumaima Odgi sukaldaria hiru finalistetako bat izan zen. Maila horretako saria, azkenean, Iruñeko Ultzama tabernako Isaac Alvarezek eta Jaizkibel Zunzarrenek eskuratu zuten.
Ogdi, Aicha Mogane eta Rafa Artetarekin batera osatzen du Arkangoa tabernako sukaldari taldea. Azken biek “bihotz-bihotzetik” zoriondu dute lankide duten sukaldaria. Esan dutenez, "aitortza hori dedikazio sinesgaitzaren, sukaldaritzarekiko grinaren eta talentuaren isla da. Horiek prestatzen ditugun pintxo bakoitzean nabari dira".