Astekaria

Sakana, artea eta jasangarritasuna

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko ira. 24a, 12:31

'Artekleta' erakusketa Altsasu BHIn. UTZITAKOA

Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan 'Artekleta' deitutako erakusketa mustu dute; hainbat artista sakandarrei bizikleta bana eman diete, haiekin artelan bat sortzeko. Besteak beste, ikastetxera joateko bidegorria aldarrikatu nahi dute.

Altsasuko institutuak aurreko ikasturtean mugikortasun jasangarria aldarrikatzeko eta sustatzeko asmoz proiektu bat jarri zuen martxan: Mugituz. Benetako behar batetik abiatutako proiektua dela azaldu du Hiart Leitza institutuko irakasleak: "Herritik institutura joateko bideak baditu behar batzuk; auto pilaketak egiten dira, argiteria oso kaxkarra da, lurzorua ere gaizki dago....". Aspaldiko aldarrikapen bat dela gaineratu du irakasleak, izan ere, institutura doazen pertsonak ez ezik, bertatik ikastolako ikasle eta irakasleak, Dantzalekura joaten den jendea eta paseatzera joaten direnak ere pasatzen dira. "Hori konpontzeko hoberena bidegorri bat egitea da".

Ikasleak herritik institutura bizikletan joatea sustatu nahi dute: "Proiektu honekin kontzientzia piztu nahi genuen, mugikortasun jasangarriaren inguruan". Aurreko ikasturtean ekimen batzuk egin zituzten, eta aurten segida eman diote proposamen berri batekin; arte erakusketa bat: Artekleta. "Seguruenik" eguberrietako oporrak arte institutuko harreran egongo da, eta ondoren Iortia kultur gunera eramango dutela aurreikusi du Leitzak. Iruñetik ere mugitzea nahi dute.

"Aldarrikapen hori bera modu polit batean eman nahi genuen; artearen bitartez". Zer egin zezaketen pentsatu eta aurreko ikasturtean dagoeneko erabili ezin diren bizikletak hartu zituzten eta Sakanako artistei eman zizkieten, artistek bizikletak artelan bihurtzeko, "eskultura bihurtzeko. Zertarako? Gure aldarrikapena egiteko. Pentsatzen dugu aldarrikapen horiek sentitu eta bizi dituztenak hemengo jendea dela, Sakanako jendea, interes gehien dugunok ibarreko garapenean". Horrela sortu zen Artekleta: "Sakanako artistekin arte erakusketa bat egin gure aldarrikapen horiek aldarrikatzeko".

Bizikletak arte
Aurkene Ormazabal Fuste, Helena Santano Cid, Gorka Flores Bengoetxea, Miren Ustarroz Goñi, Jose Mari Morcillo Morkots eta Sagri Mauleon Ezkutari artista sakandarrek parte hartu dute, momentuz, Artekleta erakusketan. "Esan beharra dugu oraindik irekia dugula; baditugu bizikleta pare bat hortik... Artistaren bat animatzen bada oraindik badu aukera".

Artista bakoitzak bere nortasuna eta aldarrikapena adierazu du 'Artekleta'-n

Diziplina desberdinetako artistek parte hartu dute institutuko erakusketan, eta bakoitzak bere nortasuna. Esaterako, Aurkene Ormazabal jostuna da eta Bidelorea deitutako obra egin du: "Ezkontzetarako soinekoak egiten ditu, eta atelierreko oihal zatiekin egin du. Bizikleta oso ezkontzakoa da. Berak eman dion esanahiarekin herria eta natura lotzen duen bidea eskatzen eta aldarrikatzen du".

Sagri Mauleonek artelan oso koloretsua egin du, Isa deitutakoa: "Bizikletari bueltak eman dizkio. Habanan bizi izan zen eta bertan garraiobide nagusia bizikleta da; bizikletaz joaten zen arte eskolara". Garai horretan egindako koadro bat agertzen da artelan bihurtutako bizikletaren ondoan: "Koadroa 3D bolumenera pasa du".

Zenbait artistak haien lana mugimenduarekin erlazionatu dutela azaldu du Leitzak. Morkotsek, esaterako, mugimendua adierazten duen bizikletaren elementu bat hartu du, gurpila, bizikleta osoa hartu beharrean. "Fenakitoskopio izena jarri dio eta mugimenduaren printzipioa erakusten du: gurpilaren atzeko aldean elementu estatiko batzuk jarri ditu, marrazkiak, eta ispilu bat. Orduan, manibelari ematen badiogu ispiluan isladatuta ikusten duguna irudiak mugimenduan dira". Artistak erakusketaren aldarrikapena ez ezik, beste esanahi bat ere eman dio obrari: "Norbanako guztion aldarrikapenak elkartzen baditugu modu kolektibo batean mugimendua sortzen dela. Gu guztiok esaten ditugun horiek batu eskaera komun bat egiteko".

Artisten nortasuna eta aldarrikapenak ere badituzte, beraz, Artekleta-ko lanek. Helena Santanoren Oreka Etengabean ere bizikleta txikitu du eta oso berezkoak diren bi elementu hartu ditu: eustekoa eta gurpila. "Gidatzen duena eta mugitzen duena". Jasangarritasunaren aldeko mezua "emakumeok bizi garen munduan izan behar dugu etengabeko oreka" mezuarekin tartekatu du, piezan elementu femeninoak sartuz.

Bizikletarik gabeko artelanak ere ikus daitezke Artekleta-n; Gorka Floresen Bidegorri-Bizigorri: "Bizikleta eman genion, eta ez dago bizikletarik. Zurarekin lan egiten du, eta zura zati bat ikus daiteke, gorriz margotuta, bidegorri bat irudikatzen duena". Horrekin batera "bidegorri horren" argazkiaren kopia bat ere jarri du artistak, "nolabait bidegorriak irudikatzeko".

Miren Ustarrozek harria lantzen du, baina institutuko erakusketan "erratz batzuk hartu ditu eta hor gurpila jarri". Altertropia deitzen da lana: "Alter aldaketa eta tropia mugimendua. Mugimendua sortzeko aldaketak behar ditugula adierazten du". Hezkuntza publikoaren aldeko deia ere egin nahi izan du.