Arabara joateko tren gehiago egonen dira 2025ean

Guaixe 2024ko ira. 24a, 10:00

Jendea trenaren zain Altsasuko tren geralekuan. ARTXIBOA

Eusko Jaurlaritzaren asmoa da Altsasu eta Miranda de Ebro arteko aldirietako tren zerbitzu berria heldu den urteko lehen hilabeteetan martxan jartzea. 

Eusko Jaurlaritza berriko sailburuak beraien legegintzaldiko asmoen berri ematen ari dira azken egunetan. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak trenen kudeaketaren transferentzia adostu dute aurten, baina 2028ra arte, gutxienez, Renfek jarraituko du zerbitzua ematen. Mugikortasun Iraunkorreko sailburu berriak, Susana Garcia Chuecak (PSE), aldiriko tren zerbitzu berriaren zenbait xehetasun eman zituen atzo. Berritasuna Miranda de Ebro eta Altsasu arteko aldiriko tren zerbitzua izanen da. 

Sailburuak jakinarazi zuenez, tren zerbitzu berriaren kostua lau milioi eurokoa izanen da, eta 2025eko lehen zatian martxan jartzeko asmoa adierazi zuen Garciak. Sailburuak iragarri zuenez, goizeko lehen orduko, eguerdiko eta arratsaldeko azken orduko ordu-tarteak indartu eginen dira zerbitzu berriekin edo dagoeneko aktibo dauden baina Gasteizen bukatzen diren beste batzuen luzapenarekin. Bi zerbitzu gehituko dira Miranda Ebrotik Altsasura, eta bat kontrako noranzkoan, astelehenetik igandera; gainera, lau zerbitzu luzatuko dira noranzko bakoitzean. Gainera, igandeetan hiru zerbitzu gehituko dira. "Asmoa da eskaria martxan jartzea maiztasun gehiago martxan jarriz eta pixkanaka handituz joatea. Ekimenak, esan bezala, lurraldearen ekialde-mendebalde ardatzeko Arabako herriei eta hiriburuari trenbide bidezko zerbitzu handiagoa eta hobea emateko aukera emanen digu", azpimarratu zuen. 

Gaur egun Altsasu eta Miranda de Ebro artean hiru tren ibiltzen dira norabide bakoitzean. Igandeetan bi izaten dira Arabarantz, goizekoa ez baitago. Beraz, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu berriak Renfek gaur egun eskaintzen duen zerbitzua indartuko du. Garciak azpimarratu zuenez, “trenbideen azpiegitura Adifena da, eta, beraz, ezin da ibilbide edo geltoki berririk sortu”. Sailburuak jakinarazi zuenez, dagoeneko "inguruko lurraldeetako arduradunekin harremanetan jarri gara zerbitzua bi autonomia erkidego mugakideetako herrietara zabaltzeko".