Biak Bat elkarteak estreinakoz bekak eman zituen irailaren 20an. Ospakizun bat. Ekitaldia familiei eta enpresa babesleei "emandako konfiantza eskertzeko" modua izan zen. Eta "ospatzeko modukoa da, beka deialdia egitearen atzetik luze generaman eta". Halaxe azaldu du elkarteko kide Josune Azpiroz Imazek. Nabarmendu duenez, "gu irabazi asmorik gabeko elkartea gara. Gure helburua da geroz eta jende gehiagorengana iristea gure esku hartze espezializatu horiek. Batez ere, sozioekonomia egoera zailean edo egoera zaurgarrian dauden pertsonengana heltzea. Behar bereziak dituzten haur eta nerabeak dituzte, eta, aparte, beste egoera zail batzuk. Dirua ez izatea beste traba bat. Guk gure aletxoa jarri nahi dugu. Behintzat hiruhileko batean gurera etorri eta onura batzuk jaso baditzakete, helburua beteta".
Elkartearen beka deialdira hamazazpi eskaera aurkeztu ziren. "Kontuan hartuta lau zirela, aurkeztutakoen laurdena izan da onuraduna". Azpirozek argitu duenez, "zerbait berria sortzen duzuenean jendeari kostatzen zaio. Gehienak gurekin ari diren familia batzuk dira, beste batzuk ez. Sakanakoak, Iruñekoak..." Elkartekideak jakinarazi duenez, "bekak banatzerakoan landa eremuan bizi zirenek puntu gehiago lortzeko aukera zuten". Beka jaso dutenetatik bi sakandarrak dira, eta iruindar eta gasteiztar banak ere jaso dute.
Helburua betetzeko, babesleak bilatu zituen Biak Bat elkarteak eta hiru enpresaren laguntza izan dute: Breedna (animaliendako pentsuak), Does SM (eraikuntza enpresa) eta Itaroa (merkataritza gunea). Horiei Biak Bat elkarteak crowdfunding bidez lortutako diruarekin eskainitako beka gehitu behar zaio. Aurreneko hirurak hiru hileko bateko gastuak ordainduko dituzte, atzenak, berriz, hiruhileko baten prezioaren erdia pagatzeko balioko du.
Azpirozek jakinarazi duenez, heldu den urtean bigarren beka deialdia eginen du Biak Batek. "Gure helburua da orain Sakanako enpresak ere parte hartzea. Azkenean, beraien baloreetan ziur dagoela gizarte eraldaketa, edo bestelako gizarte balioak. Beka emaile izanik aukera daukate beraien helburu horiek lortzeko". Jakinarazi duenez, dagoeneko ibarreko enpresekin harremanetan jarri dira. Nahiko lukete lau beka ematea eta haietakoren bat Sakanako enpresaren batek babestea.
Egoitza berria
Biak Bat elkarteak 2023ko martxotik dago Otai auzoko egoitzan. "Oso pozik gaude egoitzarekin. Aurrekoarekin ez du zerikusirik. Pixkanaka lortzen ari gara jendeak ulertzea gure lana, gizartean zer egin nahi dugun, zer aldaketa lortu nahi dugun. 13 urte pasa ondoren horretan jarraitzen dugu. Eta jarraituko dugu".
Ikasturtea dagoeneko martxan da Biak Bat elkartean. Helduekin joan zen astean hasi ziren, Aztarna uzten programa. "Espero dugu hurrengo urtean ere Nafarroako Gobernuak apustua egitea eta Sakanan beste okupazio zentroa edo eguneko zentroa izatea". Aste honetan goiz eta arratsaldez hasi dira.