Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusiak antolatutako lehiaketa da Gastronomika Talent Nafarroa. Bere helburua da 40 urtetik azpiko gastronomiako profesionalen talentua aitortzea. Arloko profesionalez osatutako epaimahai batek hamaika kategorietan sarituak zein izan ziren erabaki zuen. Sari banaketa irailaren 17an egin zen eta han izan ziren Arkangoa tabernako hiru sukaldarietatik bi: Rafael Arteta Ballarin eta Oumaima Ogdi. Aicha Moganek osatzen du hirukoa. Maila horretako saria Iruñeko Ultzama tabernako Isaac Alvarezek eta Jaizkibel Zunzarrenek eskuratu zuten, baina finalista izate hutsarekin pozik zegoen sukaldari taldea.
Pintxo barra onenaren sariko finalista. Zorionak.
Eskerrik asko.
Nola egin zenuen lehiaketan parte hartzeko?
Gastronomia kritikariek urtean zehar jarraipena egiten dute. Aukeraketa bat egiten dute eta baheketaren ondoren hiru finalista aukeratzen dituzte. Hirurak sari banaketara gonbidatu gintuzten. Ongi etorri auzatea izan zen, ondoren bazkaria eta, azkenik, sari banaketa izan zen.
Urte guztiko lana aitortuta, zer sentitzen duzu?
Oso pozik nago, bai.
Zer sentitu zenuen sari banaketarako gonbidapena jasotzean?
Festen aurretik jakinarazi ziguten. Festak prestatzeko lan handia genuen eta ezin izan genuen sari banaketan pentsatu.
Sukaldari ugari elkartuko zineten. Zer moduz sari banaketan?
Jende pila zegoen, ospetsuak, sukaldari onak... Rafak ezagutzen zituenekin hitz egin genuen. Han elkartutako guztiak sukaldaritzaz aritu ginen hizketan. Pintxoak dastatu eta haietaz hitz egiten... Guztia ederki atera zen. Gustura egon ginen, eta jaten oso ongi eman ziguten. Kafearen ondoren egin zuten sari banaketa, eta maila bakoitzeko sarituak atera ziren jendaurrera.
Nola bueltatu zinen handik?
Pozik. Egun desberdina izan zen. Beste pertsona batzuk ezagutu nituen, beste sukaldari batzuk. Hori ona da. Gainera, Nafarroako hiru pintxo barra onenen artean gaude.
Sukaldaritzarekin lotutako zure lehen oroitzapena zein da?
Ama eta izebarekin ikasi nuen. Sukaldari onak dira. Arabiar sukaldaritzaren oinarria erakutsi zidana izeba izan zen. Txiki-txikitatik asko gustatu izan zait sukaldaritza. Txikia nintzela nire nahasketak egiten aritzen nintzen: “olioa beste honekin ea zer ateratzen den”. Haiekin eguneroko jakiak prestatzen ikasi nuen. Jakina, ostiraletan kus-kusa barazkiekin, haragiarekin... Aparte, pastak.
Non ikasi zenuen arabiar sukaldaritza?
Marokon. Bertan zazpi urte besterik ez daramatzat. Eta sukaldaritza gustatzen zitzaidanez, sukaldari lana bilatu nuen.
Eta bertako sukaldaritza non ikasi zenuen?
Arkangoan, Rafak eta Aichak erakutsi didate. Irakasle onak eta majoak dira. Lau-bat urte daramatzat hemen lanean.
Sukaldean bazenekien, baina produktuak eta egikerak aldatzen dira.
Guztia aldatzen da, arabiar sukaldaritza ez da hemengoa bezalakoa. Egiten dudan guztia Arkangoan ikasi dut. Hasieran kostatu zitzaidan, ez bainekien gauzak nola egosi, frijitu edo egiten ziren. Gainera, hizkuntza ere ez nekien. Pixkanaka, begiekin. Zuzentzen zidaten. Pazientziarekin... Rafak eta Aichak izugarri lagundu ninduten. Nire sukaldaritza irakasleak dira. Biei, eskerrik asko!
Telebistako sukaldaritza saioak ikusten dituzu?
Ez asko. Batzuetan ikusten ditut. Arreta pizten didate eta ikusten dut, baina gutxitan. Ez beti. Ez dut saiorik jarraitzen. Nahiago dut Arkangoan aritu, irakasle onak ditut.
Pintxoengatik jaso duzu aipamena. Zer dira zuretako pintxoak?
Hasieran harritu ninduen mokadu txikiak prestatu behar izatea. Aukera zabala dago eta horrela norberak gogoko duen zaporea dastatzeko aukera du. Ez da bazkari edo afari baten modukoa. Gustura aritzen naiz pintxoak egiten. Arkangoan egiten den guztia hirurok talde lanean egiten dugu. Goizean pintxoak egiten ditugu eta, ondoren, jatetxeko lana heldu da.
Baterako eta besterako produktu askorekin lan egiten duzue. Gogokoren bat?
Rafari zizak asko gustatzen zaizkio eta beti ari da haiei buruz hitz egiten. Niri ere zizek arreta pizten didate, eta jakin nahi izaten dut ziza bakoitza zein garaikoa den, nola landu daitekeen eta abar. Rafari bezala, niri ere asko gustatzen zaizkit zizak.
Sukaldari erreferenterik baduzu?
Ez naiz bakar batekin gelditzekoa. Egunero sukaldari desberdin bat ikusi, ideiak hartzeko.
Trebatzeko aukera hartzen duzu?
Sukaldaritzan zaila da dena ikastea, produktu eta gauza pila dira. Pixkanaka, egun guztiak bueltaka. Hemen egunero zerbait ikasten ari naiz.
Sukaldariek noiz jasotzen duzue esker ona?
Platerak nola bueltatzen diren ikusten dugu. Garbi bueltatzen bada, jendeari gustatu zaionaren seinale, zegoen bezala badator, akatsen bat dago. Eta zerbitzariei ere galdetzen diegu. Haiei ere eskerrak.