Astekaria

"Ahalduntzea norberak egin beharreko prozesu pertsonal bat da"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko urr. 1a, 13:30

Aizaga Zeberio Petriati teknikaria eta Amaia Abudicce Aylagas zinegotzia.

Altsasuko Udaleko Berdintasun Arloak Emai, Altsasuko Emakumeen Ahalduntzerako Gunea programa aurkeztu zuen irailaren 25ean. Aizaga Zeberio Petriatik eta Amaia Abucide Aylagasek Altsasuko Udaleko berdintasun teknikaria eta zinegotziak argibideak eman dituzte.

Programak prestakuntza eta gaitze feminista du ardatz, parte hartzaileek baliabideak eskuratzeko. Elkarguneak, konfiantzazko giroan, emakume anitzen arteko harremanak eta sareak sortu nahi ditu, emakumezkoak norbanako gisa eta elkarrekin ahalduntzeko. 

Emakumezkoen ahalduntzeaz ari garenean, zertaz ari gara?
Aizaga. Zaila da emakumezkoen ahalduntzeaz definizioa bakar bat ematea. Nolabait emakumezkoak gure buruaren eta gure bizitzen jabe garenaren kontzientzia eta dauzkagun eskubideen kontzientzia hartzeko prozesu bat izango litzateke. Besteak beste. Egiturazko genero desberdintasunak daude gizartean. Emakumezkoei, oro har, objektu edo bigarren maila bat ematen zaio jendarteko hainbat alorretan. Ahalduntzea izanen litzateke prozesu bat zeinetan objektu posizio horretatik subjektu izateko bidea egiten laguntzen digun. 

Amaia. Aizagak aipatu bezala, emakumezkoak beste puntu batetik hasten gara. Hortaz, gure hiritartasuna modu oso batean garatu ahal izatea. 

Geroz, Altsasun ere emakumezkoek ahalduntzeko premia dute. 
Ai. Sistema honen parte garen neurrian, emakumezko guztiok, gehiago edo gutxiago, behar hori daukagu, abiapuntua desberdina delako. 

Zer onura dakar rol pasibo izatetik ahalduntzera pasatzeak?
Am. Azken batean, gizartearen parte izatea eta gizartea parte hartzailea izatea. Emakumezkoak bigarren plano horretan egotearen ondorioa izan da ez egotea eta parte hartzerik ez edukitzea. Esaterako, herrietan garatzen diren ekintzetan begira egotea. Oso adierazgarria izaten da kontzertuetan edo plazetan izaten diren ekintzetan: askotan ikusle gisa geratzen dira. Hor aktibo izatea plaza erdian egotea izango litzateke. Hori gure bizitzetan eremu guztietara eramanda: kantuan, dantzan, gure lanean ardura postu bat hartzeko edo edozein gauzatan. 

Udalak zergatik sustatzen du? 
Ai. Gaur egun indarrean dauden legeek, besteak beste, udalak behartzen gaituzte estrategia martxan jartzera. Kasu honetan udalak daukan zeregina da emakumezkoei beraien ahalduntze prozesuetan eragiteko eta aurrerapausoak emateko tresnak eta baliabideak eskaintzea.

Nola ahalduntzen da emakumezko bat?
Ai. Norberak egin beharreko prozesu pertsonal bat da. Prozesua joan-etorri askokoa izan daiteke. Egia da inork ezin duela beste norbait ahaldundu bere horretan. Aldi berean, ulertzen dugu modu kolektiboan ere egin behar dugun zerbait dela. Prozesu pertsonala izateak ez du esan nahi kolektibotasun izaera hori ez daukanik. 

"Emakumezkoak gure buruaren, bizitzen eta eskubideen kontzientzia hartzeko prozesu bat litzateke ahalduntzea"

Inguruan ahalduntze sistema bat sortzen denean, ahalduntzeak gora egin eta kolektiboagoa da?
Am. Hori da. Askotan esaten den moduan, bakarrik eta indibidualtasun horretatik gauzak aldatzea oso zaila da. Baina kolektiboan eta elkarrekin, eta batez ere Altsasu mailako sareak sortzen eta emakumezkoen arteko harremanak indartuz gauzak lortu daitezke. Eta helburu horretan baliabideak jartzea da daukagun lana. 

Ahalduntzeko ereduak edo ispiluak behar izaten dira? 
Ai. Ahalduntzetan eragiteko ereduak eta erreferentziak funtsezkoak dira. Baina behar ditugu ere gaitasunak eskuratzea, trebatzea eta informatzea. Ahalduntzeko modu bakar bat ez dago. Esaterako, gaur egungo jendarte digital honetan ez baldin bada ordenagailuak eta teknologia berriak erabiltzeko gai ez izatea. Emakumezkoen eta gizonezkoen arrakala digitala dagoela diote datuek. Esate baterako, beharbada bide bat izanen da emakumezkoen gaitasun digitalak garatzeko  ikastaroak antolatzea. Ahalduntzea modu askotara egin daiteke. Eta modu kolektiboan, beharbada gure egunerokoan gertatzen zaizkigun gauzen inguruan hitz egin da ahaldundu gaitezke. Pentsa dezakezulako daukazun arazo hori zuri gertatzen zaizun zerbait dela, baina beste emakume batzuekin hitz egiten hasi eta ikusten duzu besteei ere gertatu zaiela, eta antzeko bizipenak dituztela. Gertatzen ari zaizun hori politizatzen duzu. Nahiz eta zuri norbanako gisa eragiten dizun, beste emakume batzuek egoera horretan edo antzekoetan egon daitezkeenez, horrek ere bulkatzen zaitu aurrera jarraitzera. Beste modu batera bizi duzu zuk ere gertatzen ari zaizun hori. 


Emai, Altsasuko Emakumeen Ahalduntzerako Gunearen aurkezpenaren une bat. UDALA

Bizitzaren esparru guztietan?
Ai. Bai. Beharbada eremu batzuetan oso ahaldunduta senti gaitezke eta beste eremu batzuetan ez hainbeste. Talde feminista batean parte hartzen duten emakumezkoak talde horretan beharbada oso ahaldunduta senti daitezke, konfiantzazko espazioa delako, edo dena delakoa. Baina laneko bilera batean zeinetan nagusiki gizonezkoek parte hartzen duten, eta egoera batzuetan arrotza zaigun emakumezkooi, momentu horretan ez gara ahaldunduta sentitzen, egoera ez delako hain erosoa. 

Altsasuko populazioaren erdia dira emakumezkoak, profil ugari daude. Hori kontuan hartuko zenuten, ezta?
Am. Bai, etengabe. Emakumezkook, subjektu bezala, oso anitzak gara. Eta aniztasun hori kontuan ez hartzea gure kontra joatea izango litzateke. Eta errealitate horien ezaugarri guztiak ere kontuan hartu behar dira. Horrelako proposamenak egiten ditugunean saiatzen gara ahal dugun errealitate desberdin gehien kontuan hartzen. 

"Emakumezkoak bigarren plano horretan egotearen ondorioa izan da ez egotea eta parte hartzerik ez edukitzea"

Emai, Altsasuko Emakumeen Ahalduntzerako Gunearekin zer bilatzen duzue? 
Ai. Esan bezala ahalduntzearen landu behar dugun estrategia bat da. Altsasuko Udalaren II. Berdintasun Plana ebaluatu genuenean ondorio nagusietako bat izan zen ahalduntzea ez zela nahi beste jorratu. Hirugarren planean gure lehentasunetako bat izanda ahalduntzearen lan ildoari lehentasunez heltzea. Emakumeen ahalduntzera bideratutakoak ikastaro batzuk antolatu ziren, baina ez zeukaten marko orokorrik. Pandemiak programa bat bertan behera uztea ekarri zuen. Beraz, hemendik aurrera udaletik emakumezkoen ahalduntzeari, beraien partaidetza soziopolitikoa indartzeari eta abarri begira antolatuko diren jarduerak marko beraren pean antolatzea. 

Helburu gehiago ditu? 
Am. Azken batean elkargune izango da. Hor ere harremanak sortzea, herriko emakumeak saretzea edo haientzako espazio bat izatea gustatuko litzaiguke. 

Ai. Prestakuntza feministak ere garrantzia izango du. Ahalduntze gune horrek hainbat printzipio ditu eta feminismoa haietako bat izanen da. Prestakuntzari, gaitzeari, emakumezkoei tresnak emateari garrantzia emanen diogu. Beraien hausnarketak egin ditzaten, beraien gaitasunak gara ditzaten. 

Nola mamituko da gunea? 
Ai. Orain abiatu dugun proiektu bat da, bidean ikusten joanen gara. Esan behar dugu dagoeneko programa batzuk martxan jarri ditugula eta, pixkanaka, doazela bide bat egiten. Egia da formula magikorik ez dagoela. Guretako garrantzitsua izango da emakumezkoek beraiek eta mugimendu feministakoek egiten dizkiguten ekarpenak eta proposamenak. Guk ahal dugun neurrian horiei ahalik eta modurik egokienean erantzuteko. Joango gara denen artean bidea egiten. 

"Indibidualtasun horretatik gauzak aldatzea oso zaila da. Baina kolektiboan eta elkarrekin gauzak lortu daitezke"

Udazkena-negua eta udaberria-uda sasoiak dituzue, zergatik?
Ai. Pentsatu genuen urtean behin gutxi litzatekeela. Horrela urtean bitan helburu horietara bideratutako ikastaroak antolatzea bermatzen dugu. Eta bi baino gehiago ezta ere, bestela jarduerak antolatzera mugatuko ginatekeelako. Hori ere ez da bakarrik gure lana. Altsasun urtetan indarrean den lege aholkularitza hemen sartu dugu, eta hori urte osoan egonen da indarrean. 

Zer duzue prest sasoi honetarako?
Ai. Esan bezala, zerbitzu batzuk egonkorrak dira: lege aholkularitza, Elkar zaintzen duten emakumezkoak programa eta feminismoa irakurgai programa. 

Am. Oraingoak dira ongi zaintzen eta maitatzen ikastea tailerra. Geure burua eta beste batzuk nola zaintzen ditugun hausnartuko da eta, besteak beste, norberaren burua zaintzeko tresnak eskainiko dira hiru orduko hiru saiotan. Beste tailerra klimateriotik menopausiara, teoriatik gorputzera da. Bien arteko desberdintasunak ezagutzeko aukera izanen da bi orduko bi saiotan. Bi tailerrak gaztelaniaz dira. 

Interesa duenak izena eman beharko du?
Ai. Emateko epea lastailaren 11ra arte dago. Horretarako, berdintasuna@altsasu.net posta elektronikora mezua idatzi, 948 564 823 edo 628 328 593 telefonoz hots egin, edo bertara etorrita eman daiteke izena. 

Emakumeen ahalduntzerako gunea nola prestatu duzue?
Ai. Hasierako zirriborro bat egin genuen berdintasun arloan eta mugimendu feministari geneukan planteamendua aurkeztu genion. Haien ekarpenekin aberastu eta proposamena osatu dugu.

Zergatik Emai izena? 
Ai. Izena pentsatzen ari ginela emai opatu genuen; euskaraz oparia esan nahi duena. Gainera, fonetikoki ere emakume hitzarekin antzekotasuna du. Eta bitxikeria bat: Nigeriako Edo izeneko tribuan erabiltzen duten hitza da eta indarra eta ausardia esanahi du. 

Am. Egokia iruditu zitzaigun. Bere adierekin biltzen du azaleratu nahi genuena. 

Aurreikuspenak? 
Ai. Aipatu ditugun bi ikastaro horietan izena emateak ea nola doazen. Ahalik eta gehien zabaltzea nahi dugu, ea zer harrera daukan. Ikusiko dugu herritarren artean zer harrera izaten duen. Bidea egiten joango gara. 

Am. Azken batean, jendearekin parte hartzea, elkartzea eta haiekin lan egitea da. Haiek gabe ezer gutxi egin ahalko genuke.