Hainbat kezka azaldu dituzte pentsiodunek

Guaixe 2024ko ira. 30a, 10:30

Pentsiodunendako bizi baldintza duinak eskatzeko aldarrikapena Altsasun barna zabaldu zuten larunbatean.

Pentsio duinak aldarrikatzearekin batera, Sakanako pentsiodunen mugimenduak deitutako manifestazioan osasun sistemarengatik kezka adierazi dute. Baita energia pobrezia, erosketa saskiaren garestitzea edo etxebizitzaren arazoagatik ere.

Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna da lastailaren 1a, asteartea. Hori dela eta, Sakanako pentsiodunen mugimenduak manifestazioa deituz bere aldarrikapenak eta hainbat gairen inguruko hausnarketak kalera atera nahi izan ditu. Aurreneko kezka Osasunbidearekin dute. "Inbertsiorik ez egiteak, mediku faltaz aparte, itxarote zerrenda luzeak dakartza, bai osasun etxeetako lehen arretan, bai espezialisten kontsultetan. Gehien adinekooi eragiten digunez, premiazko konponbideak eskatzen ditugu". Aldi berean, mugimenduko kideek exijitu dute "etxez etxeko arreta zerbitzu publiko eta kalitatezkoa" bermatzea. Arlo horretan lan egiten duten langileendako lan hitzarmena eta lan baldintza duinak eskatzearekin batera. 

Bestalde, mutualitateen garaian pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan gehiegizko atxikipenak egin zituen administrazioak. "Estatuko beste puntutan dagoeneko errenta aitorpenean desgrabazioak eginez itzulketak egiten ari dira, baina ez dugu ulertzen Nafarroan zergatik ez den gauza bera egiten". Hori "ahalik eta azkarren" zuzentzeko exijitu diote Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Parlamentuan ordezkatuta dauden taldeei. 

Sakanako pentsiodunen mugimendua duela sei urte eta erdi atera zen kalera pentsio duinak eskatzera. Haien balioa handitzea eta gutxieneko pentsioen kopurua handitzea ere manifestazioan hutsik eginen ez duten aldarrikapenak dira. "Horrek genero arrakala desagerrarazten lagunduko duelako". Estatuari zuzendutako eskaera horiekin batera, Nafarroako Gobernuari eskatu diote "beste baliabiderik ez duten pertsonei gutxieneko pentsioa hobetzeko 2025erako, gutxieneko pentsioa 15.120 eurora arte osatzeko beharrezko formulak aztertzeko". Gogoratu dute neurri hori Nafarroako Gobernuak EH Bildurekin sinatutako 2024ko aurrekontu aurreakordioan jasota dagoela. 

Zerga erreforma ere eskatuko du Sakanako pentsiodunen mugimenduak manifestazioan. "Energia enpresei eta bankuei zerga bereziak ezartzeaz harago, zerga erreforma sakona eta aurrerakoia egin behar da". Mugimenduko kideen iritziz horrek diru baliabideak sortuko lituzke eta, ondorioz, aukera emanen luke konponbidea emateko energia pobreziari, erosketa saskiaren garestitzeari edo gazte eta adinekoendako etxebizitzaren arazoari. 

Akordioa begiz jota
Espainiako Gobernuak, CCOOk, UGTk, CEOEk eta Cepymek sinatutako akordioarekin ez dago ados pentsiodunen mugimendua. "Haien iritziz, lan osasunaren pribatizazioa sustatzen du, osasun publikoari lehentasuna eman beharrean. Gizarte Segurantzaren pribatizaziorako beste pauso bat da ere". Gaineratu dutenez, "erretiro partzialari dagokionez, ez du 2013ko erreformaren aurreko egoera berreskuratzen. Erreformara arte aukera zegoen legezko adina baino 5 urte lehenago erretiro partziala hartzeko. 2013an 65 urtekoa zen, gaur egun 66 urte eta 6 hilabete eta 2027a 67". Jubilazio partziala hartzeko 33 urte kotizatu beharko da, "baina hori egiten duenari lanaldia oso gutxi murriztuko zaio". 

Gaineratu dutenez, "pentsioen eta lanaren arteko bateragarritasunak, erretiro aktiboak, pentsio berrien murrizketa konpentsatzeko aukera da, baina presioa da adin handitan lan egitea. Eta nahikoa ez den pentsio bat duten jubilatu prekario askok erretiroa atzeratzeko betebeharra izanen dute". Ondorioztatu dutenez, "akordioak pentsiodunen arteko gizarte edo genero arrakala handitzen lagunduko du, Gizarte Segurantzaren pribatizazioan sakonduz".

https://x.com/EneidaEne1/status/1840084244648894698