Astekaria

Sunsundeguik enpresa hornitzaile bat itxiarazi du

Guaixe 2024ko urr. 7a, 09:00

Sunsundeguiko bulegoen eraikina eta autobusak. ARTXIBOA

Zor ziona ez ordaintzeagatik ibarreko enpresa batek itxi du. Sunsundeguik hornitzaileei 8,9 milioi euro zor die.

Lan karga izan bai, baina finantza egoera makurrak Sunsundeguiko zuzendaritza aldi baterako enplegu erregulazio espedientea ezartzera eraman du. Finantza egoera oker hori, ordea, ez da autobus ekoizlera mugatzen. Harendako hainbat enpresa hornitzailek lan egiten dute. Kasuaren arabera, enpresa horien bezero nagusia edo beste bezero bat gehiago da Sunsundegui. Baina guztiei autobus ekoizleak dirua zor die. Batzuk zorra handitzen ari zela ikusita materiala eraman eta berehala kobratzea exijitu izan diote azken hilabeteetan. Enpresa txiki eta ertainak izanik, ekonomia balantzean dagoen diru falta horrek kalte handia egiten die enpresa hornitzaile horien etorkizunei. Sakanan gutxienez hamaika enpresa dira Sunsundeguiren zordunen artean daudenak. Guztiek gutun bat jaso dute zeinetan jakinarazten zaien, banaka, bilera batera deituko dituztela. Enpresa hornitzaileen kudeatzaileen susmoa da, atzera ere, Sunsundeguik haiekin duen zorraren zati bat barkatzea eskatuko diela. 

Deialdi horretara jarduerarik gabe eta langilerik gabe iritsiko da ibarreko enpresa hornitzaile bat. Sunsundeguik dirutza zor dio. Zuzendaritzan badakite Sunsundegui erosteko interesa duela bakarren batek, baina ez dakitenez noiz izanen den hori, hilabeteak izan daitezkeenez, enpresa hornitzaile horrek momentuz ateak ixtea erabaki du. Beti ere, ahal dela, lantegia berriro martxan jartzeko atea zabalik utzita. Baina bitartean 40 bat langile langabezian geldituko dira. Bitartean, Sunsundeguin negoziazio epea dute.