Iñigo Imaz Primek eta Gorka Garcia de Eulatek parrokiarena zen Xabier zentroa erosi zuten. Bi urte pasako lanen ondoren, hura Aukera gunean bilakatu dute. Imazek azaldu duenez, "buruan genuen osasunera eta ongizatera zuzendutako proiektu bat egitea, eta hemen egiteko aukera ikusi genuen". Gaineratu duenez, "jende asko mota horretako lokalen bila zebilen, Altsasun ere; hasten ari zirenak eta zailtasunak zituztenak". Aukera gunean momentuz dauden bost profesionaletatik lau bere jarduna hasiberri dute.
Imazek nabarmendu duenez, "osasun arlora bakarrik bideratuta egitea erabaki genuen, potentzialtasun handiago zuelako. Iruditu zitzaigun erreferentzialagoa izanen zela. Jendeak jakinen du Aukera gunean hainbat aspektu landu litezkeela. Eta, bestetik, ezartzen diren profesionalei ere emanen dielako, positiboa izanen da: talde lana, sinergiak..." Bi sustatzaileei gustatuko litzaieke Aukera gunean Sakanan edo Altsasun ez dauden zerbitzuak, lantzen ez diren patologietako profesionalak ezartzea, "jendea beste norabait joan behar ez izateko". Ahalegin horretan ari direla jakinarazi du Imazek.
Sustatzaileek "luzera begirako planteamendua" egin dute. “Garrantzitsuena da jendea etortzea, osasun arloko profesionalak etortzea eta bidea egiten has daitezela. Biek nahiko lukete "bizpahiru urtetan martxa betean egotea eta erreferentziazko gunea bilakatu” izana. “Printzipioz, harrera ona izan du. Nahikoa gela beteta ditugu. Bi gelditzen dira libre, eta egunka beste bat alokatzen dena. Horretan lau egun gelditzen dira erabilgarri".
Espazioak
Larrainbide kaleko 5. zenbakian dago Aukera gunea. 380 metro karratuko azalera du. Ekialdeko zatia Biat Bat elkarteak hartu zuen (2023ko martxoaren 10an mustua). Erdigunean dago Aukera gunea, osasun arloko profesionalei eskainitakoa da. Eta horri itsatsia dago Aukera aretoa. Hasiera batean talde lanerako espazio gisa aurreikusi zena egun gimnasio bilakatu da. Erabilera anitzeko gela da. Eta hura pasata, biltegia duen gela bat egonen da. Guztira 13 eta 30 m2 arteko hamaika gela ditu espazio mustu berriak. Eta bakoitzean osasun profesionalak behar duen guztia dago. Espazio komunak dira harrera, office-a eta komunak dira.
Aukera gunean espazio bat alokatzeko osasun arloko profesionala izan beharra dago. Gelak alokatzeko gutxieneko edo gehienezko eperik ez dago. “Gure nahia da jendea hemen lanean hasi dadila eta jarraipena izatea. Eta joatea nahi badu, joanen da. Sartu direnak alokatzeko haien intereseko epea aukeratu dute”. Espazioaren aukeragunea.com webgunean dago sustatzaileekin harremanetan jartzeko bidea. “Gu gainean egonen gara, baina gure egitekoa honaino iritsi da. Aukera gunearen garapena bertako profesionalek eginen dute”, gaineratu du Imazek.
Ezarri diren profesionalak
"Oso zaila zen guretako inbertsio handietan pentsatzea"
Ane Cantero Crespo eta Xabier Mazkiaran Segura
Irauli
Zergatik egin zenuen Aukera gunearen alde?
X. Alde batetik, azpiegitura berriak dituela ikusi genuen. Bestetik, oso ongi kokatuta dago. Gainera, gimnasio gisa erabiltzeko aretoa du. Guk gela eta gimnasioa erabili behar genuenez, horregatik aukeratu genuen gunea.
A. Argi geneukan bion arteko proiektu honek ekografoa eta fisioterapiaren alorreko hori guztia izateko espazio bat behar zuela.
X. Eta mugimenduari begira gimnasioa behar genuen. Erraptazioak edo edozein patologia tratatzeko.
Zer eskaintzen dizu?
A. Nire lan espazioa batez ere gimnasioa izanen da. Bertan, alde batetik, entrenamendu funtzionala eskainiko dut, osasuna duen pertsonei zuzenduta dago. Horren bidez bizitzarako entrenatuko da. Eta, bestetik, entrenamendu pertsonala emanen da. Hori bideratuta dago behar jakin bat duten pertsonei.
X. Ni gelan eta gimnasioan egonen naiz. Batetik, paziente bakoitzaren fisioterapia diagnosia lortzen saiatuko naiz. Bestetik, banakako planak eginen ditut, gehienbat ariketa fisikoa.
Zein zerbitzu eskaintzen dituzu bertan?
A. Irauli bion proiektu bat da, duela hilabete batzuk hasi zena. Fisioterapia eta entrenamendua, edo fisioterapia modu integralago batean lantzen duen proiektu bat da. Guretako oso aukera ona da. Oso zaila zen guretako inbertsio handietan pentsatzea. Honek hori alde batera uzteko aukera ematen zigun. Oso aukera ona ikusi genuen. Beraiek bidea nahiko erraza egiten ari digute, laguntza handiak eskaini dizkigute. Pixkanaka hasiko gara.
X. Ilusio handiz. Urduritasun pixka batekin. Dagoeneko hasi gara, beraz, topera gaude.
"Hazteko oso aukera polita da"
Eneritz Mujika Zuasti
Dietista
Zergatik egin zenuen Aukera gunearen alde?
Aukera berri bat ematen du. Lehendik Altsasun lanean hamazazpi urte egon naiz. Gazteekin ere hasi nahi nuen. Eta energia berriak probatu nahi nituen. Eta iruditzen zait horretarako leku aproposa dela. Toki alaia, argitsua eta tratamenduak egiteko oso toki egokia da.
Zer eskaintzen dizu?
Erosotasuna, alaitasuna eta taldea eskaintzen dizkit. Hori nahikoa da. Osasunaz hitz egiten ari garenean, elkarlana garrantzitsua da. Bostek begi bakarrak baino gehiago ikusten baitute. Hazteko oso aukera polita dela uste dut. Egunean egunekoa, eta disfrutatuz. Nik uste denondako ona izanen dela.
Zein zerbitzu eskaintzen dituzu bertan?
Batez ere saiatzen naiz jendeari elikaduraren inguruko aholku gomendagarriak ematen. Gainera, pertsonari osotasunean garrantzia ematen diot. Jendea hona etortzen denean asko gustatzen zait jendeak hausnartzea. Baita hainbat baliabide ematea. Horretarako beti prest nago. Beraz, pozik.
"Elkarlanerako aukera argia da"
Izar Parot Arrazubi
Loratzen psikologia
Zergatik egin zenuen Aukera gunearen alde?
Oso proiektu polita iruditzen zitzaidan. Nire proiektuarekin bat egiten zuen: zerbitzua Iruñetik Sakanara ekartzea. Iruñekoa utzi eta hona etorri nintzen. Hemen lanean lehena izan nintzen, ia-ia obretan zirela, bospasei hilabete daramatzat bertan. Toki oso polita iruditu zitzaidan. Polita, konfiantzazkoa, eta honekin aurrera.
Zer eskaintzen dizu?
Ez da bakarrik nire zerbitzua Sakanara ekartzea. Beste profesional batzuekin elkarlanean aritzeko aukera ematen du. Behar izanez gero, beste batengana bideratzea. Elkarlanerako aukera argia da. Gure artean gero eta gehiago ezagutzen ari gara eta bide beretik joaten garen edo ez ikusten ari gara. Uste dut, baietz, elkarlana posible dela.
Zein zerbitzu eskaintzen dituzu bertan?
Psikologoa naiz, eta pertsona helduekin psikoterapia egiten dut, online eta aurrez aurre, jendearen buru osasuna hobetzeko asmoz. Kontsultaren izena Loratzen psikologia da, eta hemen loratzen saiatzen ari naiz. Aurkezpenaren helburua da jende gehiagok ezagutzea eta, ahal den heinean, martxan jartzea, gero eta jende gehiago izateko, bestela ez dira kontuak ateratzen (barrez).
"Altsasun ez dago horrelakorik, eta beharrezkoa zen"
Josune Azpiroz Imaz
Biak Bat elkartea
Zergatik egin zenuen Aukera gunearen alde?
Uholdeen ondoren, guretako momentuan aukera bakarra izan zen, egoitza honetan gure proiektua jarraitzeko. Orain sortu duten beste espazio hau ikusita, bakoitzak bere proiektua aurrera emateko aukera paregabea da. Altsasun ez dago horrelakorik, eta beharrezkoa zen.
Zer eskaintzen dizu?
Gure proiektua jarraitzeko espazioa. Eta beste batzuekin elkarlanean aritzeko aukera, aldamenak gara, proiektu gisa. Halako profesionalak ondoan izanda, oso erraza da beraiekin elkarlanean aritzea.
Zein zerbitzu eskaintzen dituzu bertan?
Animaliekin lagundutako esku hartzeak, terapiak, hezkuntza eta aisialdi programak eskaintzen ditugu behar bereziak edo aniztasun funtzionala duten pertsonendako. Buru osasun arazoak dituztenendako ere. Natura, terapia baratza gehitu diogu eskaintzari. Natura eta animalien bidez pertsona, natura eta animalien ongizatea hobetu nahi dugu.
"Lagun altsasuar baten bidez izan nuen ongizatearen inguruko proiektu honen berri"
Itziar Telletxea Iguzkiagirre
Terapeuta holistikoa. Txinako medikuntza tradizionala
Zergatik egin zenuen Aukera gunearen alde?
Orain arte Lesakan egon naiz kontsulta pasatzen. Aukera hau sortu da eta hementxe nago, Altsasun. Egun bat han, bestea hemen halaxe ibiliko naiz. Lagun altsasuar baten bidez izan nuen ongizatearen inguruko proiektu honen berri.
Zer eskaintzen dizu?
Lehendabizi, Lesakatik ateratzea eta ezagutzen ez dudan jendea tratatu ahal izatea. Lesaka moduko herri txiki batean guztiok elkar ezagutzen dugu. Horrek tratamenduan muga batzuk sor ditzake, aldeko edo kontrako gauzak sor daitezke. Banuen gogoa handik atera eta jende berriarekin terapeuta paziente harreman hori lantzeko. Nire ikasketetan psikologia eta elikadurak arreta piztu didate. Gunean gaudenon arteko harremana garatzea asko interesatzen zait.
Zein zerbitzu eskaintzen dituzu bertan?
Txinatar medikuntza eta akupuntura ikasi nuen. Lau urteko ikasketak dira. Txinako unibertsitate batekin akordioa duen Iruñeko zentro batean egin nuen. Gorputza ulertzeko modu desberdina du, orain arte hemengo medikuntzarekin ezagutu ez duguna. Gorputza eta psikologia lotzen ditu, tratamendu integralagoa egiteko. Txinako medikuntzaren teoriatik abiatuta, akupuntura eta landareen bidez saiatzen naiz gure baitan dauden desoreka horiek pixka bat orekatzen.