Zuzendaritzak aurkeztu nahi duen aldi baterako enplegu erregulazioko espedientearen memoria eta dokumentazioa enpresa batzordeari astelehenean eman zion. Bi asteko epea dute aldeek espedientea negoziatzeko hurrengo bilerak urriaren 4, 8 eta 11n dira. Aurreneko bilera asteartean egin zuten eta enpresa batzordeak hiru eskaera egin zituen. Batetik, iraileko nomina kobratzea, 2025ko oporren osagarria jasotzea eta abenduko extra kobratzea. Zuzendaritzak eskaera horri gaur zer erantzunen dion zain gelditu da enpresa batzordea. Hala ere, bileraren aurretik langileak batzarrera deitu dituzte, egoeraren berri eman eta sindikatu bakoitzak duen jarreraren berri emateko.
Astearteko bileran ELAk adierazi zuen espedientearekin ez dagoela ados, eta egoera bideratzeko beste neurri batzuk proposatu zituen. Gaineratu zuen ez dutela espedientea sinatuko. Bezperan jasotako dokumentazioa aztertzen ari zenez, LABek ez zuen iritzirik eman. Baina espedienteari buruzko bere jarrera bileretan entzuten dutenaren arabera zehaztuko dute. UGTk eta CCOOk adierazi dute espedientearen baldintzak "onargarriak" badira sinatuko dutela. Horretarako, CCOOk eskatu du enpresa batzordearen hiru eskaerak betetzeko, baita lastaila erdiko soldata kobratzea ere. Guztiek argi dute akordioarekin edo gabe espedienteak aurrera eginen duela.
Langileek soldata kobratzeko eguna asteartean zen. Sindikatuek ordaintzeko eta espedientearen negoziazioan ez sartzea exijitu zioten enpresari: "guk sortu egin dugu eta gure eskubidea da kobratzea. Poltsiko bete edo hutsarekin jolasten ari dira". Bitartean jakin dute inbertitzaile bat bilerak izan dituela eta eskaintza egin dezakeela, "nahikoa aurreratua omen dago". Langileen ordezkariek garbi dute enpresak ezin duela denbora asko itxita egon: "azkar argitu behar da, aurten bertan". 25 bat autobus egin nahi zituen zuzendaritzak, baina dokumentazioa eman ondoren sei gutxiago dira. Bitartean langileen %95 lanik gabe dago.