Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Altsasuko Udalak musika irakasleen, dantza irakaslearen eta udal musika eta dantza eskolako administrari ofizialaren lanpostu hutsak betetzeko merezimendu lehiaketa deitu zuen. Deialdiaren prozesua bukaturik, eta kalifikazio epaimahaiak egindako izendapen proposamenei jarraituz, udalak hamaika lanpostu bete ditu.
Erabakitakoaren arabera Uxue Roncal Olkozek bi ikasgai emanen ditu: Musika Hizkuntza, Musika eta Mugimenduko eta klarinetea. Gainontzeko irakasleak honakoak dira: Ander Unzaga Fernandez de Labastida piano teklatuko irakasle izanen da, Ion Altuna Azpitarte Musika Hizkuntzako irakasle, Ibon Ariznabarreta Barriga zeharkako txirulakoa, Aritz Ostolaza Basurto saxofoikoa, Raquel Arbeloa Aiesa perkusioa eta bateriako irakasle, Ainhoa Izagirre Ibañez txistuko irakaslea izanen da, Joaquin Borromeo Juan metalezko haize instrumentuen irakasle eta Iñaki Agirre Larraza dantzako irakasle lanpostua beteko du. Aipatutako irakasle guztiak lan kontratudun finkoak izanen dira, B mailako lanpostua beteko dute, lanaldi aldakorra izanen dute eta guztiek euskara (C1) dakite.
Horretaz aparte, Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako Patronatuaren administrari-ofizialaren lanpostua Garazi Retegi Anzizarrek beteko du. Lan kontratudun finkoa izanen da, C mailakoa, lanaldi partziala izanen du eta euskara (C1) daki. Aldi berean, udalak jakinarazi du bi lanpostu bete gabe utzi dituela biolin eta gitarra elektrikoko eta baxu elektrikoko irakasleenak hain zuzen ere.