Euskal Herriko pegatinak bildu, sailkatu eta zabaltzen dituen elkarte bat da Euskal Herriko Pegatineroen elkartea. 2018an sortu zen, eta elkartearen webgunearen (euskalerrikopegatineroenelkartea.eu) eta sare sozialen bidez erakusten dute bildutako materiala. Gainera, zenbait liburu argitaratu dituzte eta erakusketak egiten dituzte ere. Urtean behin truke egun bat antolatzen dute, eta aurtengoa Altsasun izan zen urriaren 5ean; Kukuerreka elkartean egin zuten XXII. Topaketa.
"Euskal Herriko errealitatea islatzen duten pegatinak biltzen ditugu"
"Euskal Herriko errealitatea islatzen duten" pegatinak biltzen ditu Euskal Herriko Pegatineroen elkarteak, kideek azalduta: "Mezu politiko edo soziala duten pegatak biltzen ditugu, batez ere". Pegatinen artean, beraz, alderdiek, sindikatuek, herri mugimenduek, kultur elkarteek eta abarrek kaleratutakoak jasotzen dituzte. "Oso esparru zabala da, eta gure kideen artean bakoitzak bere bilduma bere moduan egiten du; batzuk bakarrik ideologia, gai edo zonalde zehatz baten inguruko pegatak gordetzen dituzte, beste batzuk futbolekoak edo musika taldeenak bakarrik...". Denetarik dagoela gaineratu dute.
Baina, zergatik pegatinak bildu? "Seguruenik paper zati txiki batean ideia bat laburbiltzen delako, eta hori gordetzeko oso erraza eta erosoa delako. Guztiok dugu etxetik pegataren bat". Edonork argitara dezakeen zerbait dela gaineratu dute elkarteko kideek, "beraz herri honetan egon diren arazoen ispilua delako". Historiaren oroigarri fidela dira pegatinak.
Euskal Herriko Pegatineroen Elkartea 2018. urtean sortu zuten, baina bilduma egiten duen jendea pegatinak agertzen direnetik dagoela esan dute, "1970ko hamarkadaren bukaeran. Gutako gehienak pegatak argitaratzen dituen edozein erakundean ibiliak gara, memoria ariketa moduan egiten dugu". Franco hil aurreko garaietakoak dira jasota dituzten lehenengo pegatinak, "oso baliabide eskasekin eginak eta klandestinoak; hortaz, lortzeko ia ezinezkoak".
Pegatinak gordetzeko ekitaldiz ekitaldi ibiltzen direla esan dute, "eta aktibistekin harremanetan lortzen dira pegatinak". Beste bildumagileekin trukatzen dituzte ere, eta gordetzen duten pegatina berrienagatik galdetuta, astero berriak argitaratzen direla esan dute: "Edozein herritako manifestazio, jai edo ekitalditan. Guretzako inoiz ez dago pegata berririk, hurrengoa inprentan prestatzen ibiliko direlako jada".
Pegatina gogokoenak "zaharrak" direla esan dute, "lortzeko zailak direlako, baina estetika berezi bat dutelako; kolore gutxi eta marrazki sinpleagoekin, garaiko teknologiaren ondorio". Mezuaren aldetik denek balio handia dute: "Bakoitzak bere egia kontatzen duelako. Egia da ilegalizazio garaietakoak indar berezia dutela, diseinatu ziren baldintza zailen isla".
Garai berriak
Urtero "milaka" pegatina berri agertzen direla esan dute elkartetik. "Europako zonalderik aberatsena garela esan genezake. Joera ez da gehiago aldatu, batzuk kalean itsasten dituzte eta beste batzuk gainean eramaten dituzte; baina ideia bere horretan mantendu da". Agian orain jendea "apur bat iheskorrago" dela esan dute, "lehen mundu guztiak paparrean zeraman pegata bat herriko jaietan, orain gutxiago jartzen dira". Jartzekotan ere "toki ezkutuagoetan" jartzen direla gaineratu dute: "hanketan, adibidez; arlo guztietan aldatzen ari den gizartearen erakusgarri". Sare sozialen agerpenarekin pegatina kopurua jaitsi egin dela azaldu dute pegatineroen elkartetik, "antolakunde askok orain bertatik zabaltzen dituztelako haien mezuak".
Topaketa
Pegatineroen topaketaren 22. edizioa da aurtengoa. 2002tik daramate "horrelako egunak" prestatzen: "Hasieran elkarte bat ez izan arren, bazegoen taldetxo bat kontaktua mantentzen zuena, baita eguna antolatzeko baliabideak ere". Topaketa urtero herrialde batean antolatzea da helburua, "Iparraldea oso zaila egiten zaigun arren". "Errepikatuak ditugun pegatak trukatzea betidanik egin dugu, hala ere egun eta toki berean gure grina duten lagunekin elkartzea oso eraginkorra da, kontaktuak egiteko eta material berria lortzeko". Altsasuko Kukuerreka elkartean izan zuten aukera.
"Mekanismoa oso sinplea da: bakoitzak errepikatuta dituenak eramaten ditu eta mahai gainean utzi, ondoren gainontzeko mahaietatik falta zaizkigun pegata guztiak har ditzakegu". Normalean topaketan 30 eta 40 bildumagile inguru biltzen dira, eta kanpoko jendea ere etortzen dela gaineratu dute, "katalanak, gaztelarrak, asturiarrak...).