Autobusak egiten dituen Altsasuko enpresako langileek urriaren 8an, asteartea, 10:00etatik 10:15era protesta egin dute lantegian bertan. Enpresa batzordeko gehiengoak (UGT, LAB eta ELA) egin du deialdia. Protestaren bidez salatu dute langileek iraileko nomina ez dutela kobratu. Horrek langileak “ekonomia egoera zailean utzi gaitu, eta hori larritu eginen da aurki aldi baterako enplegu erregulazio espedientea indarrean jarriko delako”.
Horregatik, enpresa batzordeko gehiengoak Sunsundeguirekin lotura duten eragile guztiei dei egin diete lantegirako “premiazko konponbidea bilatu eta etorkizunerako bideragarritasun plana egiteko, langileendako eta eskualderako”. Dei horren hartzaileak dira enpresako administrazio kontseilua, Nafarroako Gobernua eta Sodena enpresa publikoa. Sunsundeguiko enpresa batzordearen gehiengoak protesta udaletxe parera eramanen du bihar, 11:00etatik 12:00etara, elkarretaratzea eginen dute langileek.