Javier Ollo Martinez alkatea eta Mikel Irujo Amezaga Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak berriki bilera izan dute. Haiekin batera izan ziren Iñigo Arruti Enpresa Sustapeneko zuzendari nagusia eta Carlos Chocarro Nasuvinsako Lurzoru Industrialeko zuzendariordea. Bileran egiteke dauden orubeak "berrantolatzeko" eta Altsasuko industria lurzorua handitzeko prozesua aztertu da, eta Kapintansoro dermioko eremua hartu da horretarako lehentasunezko gune gisa. Inguru horrek komunikazio onak ditu, N-1 errepidearen eta Gipuzkoarekin muga egiten duen A-1 autobidearen ondoan, eta oso erakargarria izan daiteke Altsasun eta Sakanan dauden enpresen instalazioak handitzeko eta inguruko lurraldeetatik jarduera ekonomiko berriak erakartzeko.
Gainera, herrian gaur egun dagoen lurzoru industrialaren egoera aztertu zuten, aurrera egiteko eta etorkizuneko inbertsioak erakartzeko, baita Udalak eta Nasuvinsa enpresa publikoak etorkizunean hitzarmena sinatzeko ere. Irujo sailburuak azpimarratu zuenez, "une honetan, Altsasu lehentasuna da lurzoru industrialaren arloan, toki estrategikoa da Arabatik eta Gipuzkoatik gertu dagoelako". Jakina, bileran Sunsundeguiren egungo egoerari eta ematen ari diren pausoei buruz ere hizketatu ziren.