Astekaria

Faltan botatzen zen taldea

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko urr. 16a, 12:43

Mataperros taldea. UTZITAKOA

Punk taldeen abesti mitikoak eszenaratzen ditu Mataperros taldeak. Altsasuko eta Iturmendiko bost lagunek sortu dute, eta kide bat izan ezik, haien lehenengo musika taldea da. Hainbat kontzertu eman dituzte; musikatik harago doa

Luzatzen diren poteo horietako batean, Altsasuko Idergi tabernaren inguruetan Iñaki Lopez, Iñaki Bengoetxea, Jonan Zelaia eta Iradi Galartza gazteak musika talde bat sortzearen inguruan aritu ziren. "Jonanek esan zuen ea geneukan jotzeko eta talde bat egiteko gogoa, eta baietz atera zen", azaldu du Iradi Galartza, taldeko abeslariak. Taldea sortzeko izen bat behar zuten, eta batek Perros hitza aipatu eta beste batek Mata, taldea Mataperros deitzea erabaki zuten. Apirilaren hasieran lehendabiziko aldiz entseatzeko elkartu ziren eta maiatzaren hasieran, Iturmendiko San Migel festetan, eman zuten bere lehenengo kontzertua. Lopez baxu jolea da, Bengoetxea eta Zelaia gitarra joleak eta Galartza abeslaria, bateria jole bat behar zutela ikusita, Mikel Etxabarriri esan zioten, koroak ere egiten dituela. Jendeak punk talde baten gogoa zuela aipatu dute taldekideek. 

Mataperros taldeak punk abesti mitikoak eszenaratzen ditu

"Punk rockaren abestiak" jotzen ditu Mataperros taldeak. "Jendeak entzun nahi zituen abesti zaharrak", abeslariak gaineratu duenez. Eskorbuto, La Polla, Barricada, Kaotiko edota Kortaturen abestien bertsioak egiten ditu Mataperros taldeak, "abesti ezagun horiekin hastea pentsatu genuen, eta gero hasiko ginen gure abestiekin". 

Dagoeneko abesti propioak sortzen hasi direla aipatu du Lopezek, "zerbait pentsatu dugu, ideiak baditugu, baina bukatu gabe daude. Momentuz punk bertsioak jotzen ditugu". Inspirazioa edozein momentutan etor daitekela gaineratu du Etxabarrik: "Aurreko egunean Iñaki eta biok hitz egiten ari ginen eta esan zidan bat-batean bai baten inguruan letra bat idatzi zuela, irakurri nuen, eta irakutzen ari nintzela erritmoarekin hasi nintzen. Inspirazioa iritsi zitzaidan". Baten inspirazioak bestearena sor dezakeela gaineratu du bateria joleak. Sortu eta gutxira kontzertuak ematen hasi zen Mataperros taldea. "Ez genuen pentsatzen hainbeste kontzertu ematea. Uste genuen entseatzen naiko egongo ginela, eta bat-batean, entsatzean hasi, eta maiatzean deitu ziguten jotzeko". 

Iturmendiko San Migel festetan,maiatzan, egindako kontzertu hura lehenengo "booma" izan zela gaineratu du abeslariak. Dagoeneko zazpi bat kontzertu "arrakastatsu" eman dituzte. "Jendeak ikusi du badagoela talde bat jotzeko gogoa duena; deitzen hasi ziguten eta aurrera egin dugu". Erantzuna "oso ona" izan dela eta joan diren lekura beteta egon dela gaineratu dute taldekideek. Haien zaleen artean gazteak eta "oso gazteak" daudela esan dute. Gogoan dute Iturmendira jo zutenean sei edo zazpi urteko haurrak bertan zeudela eta lelo bat ohiukatu zietela: "bai, bai, bai Mataperros hemen da". Etxabarri: "Txundituta gelditu nintzen". Bateria jolearekin sartzearekin taldeak gorakada izan duela esan dute, Bengoetxeak azaldu duenez, laurak hasi ziren eta bateria jolerik ez zutenez berak jotzen zuen bateria: "Baina erokeri bat izan zen. Gero Mikel sartu zen eta askoz hobetu". 

Ikuskizuna
Mataperros taldeak "hainbeste entzuten ez diren" abesti mitikoak eszenaratzen dituzte. "Jendeak agian etxean ez ditu entzuten, baina tabernetan eta parranda giroan bai, eta orduan gu hasi gara horiek jotzen. Ni showman bat naiz eta jendeak badaki eszenatokia gustatzen zaialda; orduan, nik talde batean aritzea eta abesti horiek jotzea...". Izan ere, ez da berdina abestiak taberna batean entzutea edo kontzertu giro batean. "Pertsona batek baino gehiagok esan digu Mataperros bezalako talde bat falta genuela", gaineratu du Etxaberrik. Lopezek aipatu duenez, jotzen dituzten abestiak "ezagunak" dira, "jendeak ezagutzen ditu, eta nik uste hori dela gehien gustatzen zaiona jendeari". Taldearen arrakastaren beste arrazoi bat, "2:00etatik jotzea tokatzen zaigu eta ordurako jendea oso beroa dago...", kontatu du bateria joleak. 

Etxabarri da musikaren munduan esperientzia duen taldeki bakarrak. Besteak beste, Xuar taldean aritu da. Taldekideek haren esperientzia eta lana goraipatu dute, baita taldeari "xarma berezia" ematen diola ere. Galartza: "Beste talde bat aurrera eraman zuen eta baterian oso ona dela ikusi dugu; guretako plazer bat da gurekin egotea". Bateria joleak gogoratu duenez aurten 15 urte egingo ditu bere lehenengo kontzertua eman zuela. "Esperientzia eman dezaket. Esan dezaket: lasai, hau horrela egin dezakegu. Mutil gazteak eta hasiberriak dira, eta batzuetan ikusten zaituzte gaztea eta hasiberria eta zurekin nahi dutena egiten dute. Nik esaten diet: lasai, hemen gaude gu eta aurrera".  

"Jendeari gustatzen zaio eszenatokian mugimendua egotea, txorakeriak egitea, eta ikusi dute Evaristorekin eta beste talderekin igo izan naizela, eta orduan nik talde bat dudala ikustea eta ona dela... Hori jendearendako izugarria da", aipatu du Galartzak. Abeslaria "showman" bat dela eta Etxabarrik ere bateria jotzeko modu berezia duela dira Mataperrosen bereizgarrietako bi. Bateria joleak ere taldekideen "ausardia" nabarmendu nahi izan du: "Entsegu oso gutxirekin ausartu egin ziren kontzertu bat ematera. Jotzeko esan zioten eta jo zuten". Batzuetan urduri egoten direla gaineratu du, "baina normala da, lehenengo kontzertuak dira. Baina nik uste oso-oso ausartak direla, eta zuenean defendatzen dute egiten dutena". 

Bengoetxeak kontatu duenez, "besterik gabe gure artean jotzeko eta jotzen ikasteko" planteatu zen taldea: "Eta Iradik entsegu batekin kontzertu bat egin behar genuela esaten hasi zen. Guk esan genuen hobe lasai joatea, hiru edo lau abesti atera eta gero kontzertuak emango genituela". Lehenengo kontzertuaren kartelean, gainera, "talde sorpersa" jartzen zuela gogoratu du Lopezek: "Ez zen oso sopresa izan azkenean; mundu guztia enteratu zen gu ginela". 

Ondo pasatzea eta kontzertu gehiago ematea dira taldearen helburu nagusiak

Ondo pasatzea, kontzertu gehiago ematea eta musika ikasten jarraitzen da helburua. Etxabarri: "Niretako musikaren helburua ongi pasatzea da. Ez dirua eta abar. Jende askok galdetzen digu ea kobratzen dugun. Afaria, garraioa... Gutxienekoa. Ondo pasatzea, hemendik hara joatea, toki eta jende berria ezagutzea eta esperientzia berriak bizitzea da eramaten duguna. Barre asko egiten dugu ere".