Mugikortasuna eta trafikoa arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa jendaurrean

Guaixe 2024ko urr. 15a, 11:12

Autoak aparkatuta Aita Barandiaran egoitzaren ondoan, Idertzegain kalean. ARTXIBOA

Autoak lokaletara sartzerakoan espaloiaren ertzean egiten diren beheratzearekin lotura du aldaketak.  Baita espaloietan libre utzi beharreko espazioarekin ere. 

Altsasuko Osoko Bilkurak, 2024ko irailaren 25ean egin zen osoko bilkuran, Mugikortasuna eta trafikoa arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa hasiera batean onetsi zuen. Udalak, zehazki, ordenantzaren 46. artikulua aldatu du, atal berri bat sartuz. Hala, pasabide-lizentzia duten lokaletara sartzeko espaloiko ertza jaisteko baldintzak arautu ditu. Hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatuko da, baldin eta jendaurreko epean erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada. Halakorik aurkeztu nahi duenak azaroaren 20ra arte du. 

Artikuluari gehitutako testuarekin udalak espaloi ertzetik eraikineko fatxadara oinezkoendako egon beharreko espazioa arautu nahi du. Horrela, irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzen legea garatuko du. Horren arabera, espaloi ertza beheratzen denean 1,80 metroko edo handiagoko pasabide libreko zabalera bermatu beharko da oinezkoendako espazioan. Salbuespenak 2011ko martxoaren 11 baino lehen eraikitakoak dira. Kasu horietan 1,20 metroko gutxieneko pasabide-zabalera librea bermatu beharko da. Oinezkoen pasarako 1,20 edo 1,80 metroko espazio zabalera betetzen ez den kasuetan udalak ez du emanen lokaletara sartzeko espaloiko ertza jaisteko baimenik.