Txirrindulariak

Iker Gomezek garaipenarekin esan dio agur junior mailari

Guaixe 2024ko urr. 15a, 09:50

Iker Gomez, eskuinean, Quesos Albenizko taldekideekin, Atarrabiako Saria jasotzerakoan. UTZITAKOA

Atarrabian jokatutako denboraldiko azken lasterketan txapelduna izan zen, eta Quesos Albeniz, talderik onena. Gomezek hamahiru garaipen lortu ditu denboraldi honetan

Iker Gomez Lopez de Goikoetxeak (Quesos Albeniz) goitik despeditu du junior maila, urriaren 6an Atarrabian jokatutako XLIX. Atarrabiako Udalaren Saria irabaziz. Kadeteen bigarren urteko eta juniorren mailako 64 km-ko lasterketa gorabeheratsua esprintean irabazi zuen altsasuarrak, Ellande Larrondekin (URT Velo 64) lehia estua izan eta gero. 

Quesos Albenizko bere taldekideei dagokienez, Eñaut Oiarbide hamabosgarren sailkatu zen, Sakana Group-Alea taldeko Erik Laiglesia kadetea hamaseigarren, Mikel Viloria hogeigarren eta Iker Begiristain 25. Probako talderik onena Quesos Albeniz-Burunda talde sakandarra izan zen. 

Nafarroako Challengeko txapelduna
Iker Gomezek sekulako denboraldia egin du. Finena izan da junior mailan. Junior mailako Nafarroako Challengea irabazi du (24 lasterketek puntuatzen zuten), 865 punturekin. Iker Villar (Lizarra) izan da bigarrena, 724 punturekin. Eñaut Oiarbide bosgarren sailkatu da (243 puntu), Ekain Imaz (Tolosa-Danena) seigarren (224 puntu), Ekaitz Perez hamahirugarren (138 puntu), eta Iker Begiristain hamabosgarren (109 puntu).  

Guztira hamahiru garaipen lortu ditu 2024an: Atarrabiako Saria, Dicastilloko Saria, Iruñeko Itzuliko hirugarren etapa, Gipuzkoako Itzuliko hirugarren etapa (Mendiko saria jaso zuen baita ere), San Juan Saria, Nafarroako Txapelketa, Nafarroako Klasikoa, Baroneko taldekako erlojupeko txapelketa, Espainiako selekzioarekin, Berako Felix Errandonea Memoriala, Lacturale Trofeoa, Lazkaomendi Proba, Segurako Saria eta Altsasuko Udaberriko Trofeoa. Ikusgarria. 

Espainiako selekzioarekin lan handia egin du txirrindulari sakandarrak. Junior maila modu ezin hobean itxi du.