Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak seigarren urtez jarraian jarri du abian Cuento cadena Derechos Humanos/Ipuina eskuz esku Giza Eskubideak ekimena. Hilabete oso batez ipuina ikastetxez ikastetxe ibiliko da eta jasotakoa osatu eginen dute ikasleek, guztien artean ipuina osatu arte. Ikastetxe bakoitzaren ardura izango da ipuinari paragrafo bat edo bi gehituko dituzte. Idazleak Lehen Hezkuntzako ikasleak izanen dira. Atzo hasi ziren ipuinak idazten eta azaroaren 14an despedituko dute egitekoa. Ikastetxe parte hartzaileen artean Zelandi eskola publikoa dago.
Ikasleek eta irakasleek zuzenean eta aktiboki parte hartuko dute bi ipuin horien idazketan, gerora liburu batean argitaratuko dena. Liburu hori ikastetxe guztiei eta, oro har, herritarrei helaraziko zaie. Ipuinen aurkezpena Iruñeko San Frantziskoko Liburutegian eginen da abenduaren 9an. Bertan, proiektuan parte hartzen duten ikasleen ordezkaritza batek hartuko du parte, Sandra Iraizoz, Ana Jaka eta Juan Frommknecht idazleekin batera. Aurten, nobedade gisa, Marisa Serrano, Inma Gurrea eta Izaskun Mujika narratzaileek taularatuko dituzte bi ipuinak. Abenduaren 9tik 13rako astean, Nafarroako bost udalerritan ahozko narrazio saioak egingo dira, Nafarroako ikasleek sortutako Giza Eskubideen aldeko ipuinak oinarri hartuta. Aurreko edizioetako ipuinak eta liburuen aurkezpenak Memoria eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiaren webgunean daude jasota.
Memoriaren eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiak sustatzen duen Memoria duten eskolak, bakearen eta bizikidetza lantzen programaren ardatzetako bat Giza Eskubideekiko errespetua eta edozein urraketa salatzea da. Ekimen hau Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren (abenduaren 10a) testuinguruan garatzen da. Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuak ipuinak (bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz) katean sortzea proposatzen die ikastetxeei, Giza Eskubideak gaitzat hartuta. Nafarroako 40 ikastetxetako 2.050 ikasle izango dira kate horretako idazleak.