Iguzkiza hil zutela gogoan izan dute

Guaixe 2024ko urr. 15a, 10:30

Sakanako Kontseilu Sozialistak Iguzkiza eta 1934ko urrian "sozialismoaren eta langile klasearen askapenaren alde" altxatu eta hil ziren pertsona guztien "oroitzapena bizirik" eta haien borrokaren "sua pizturik" mantendu nahi du.

Emilio Iguzkiza Guardia Zibilak hil zuela 90 urte bete zirela eta, Sakanako Kontseilu Sozialistak hari eta "1934ko iraultzan borrokatu eta bizia eman zuten iraultzaile guztiak gogoratzeko eta omentzeko" ekitaldia antolatu zuen. Kontseiluko kideek adierazi zutenez, "90 urte bete dira greba iraultzailearen testuinguruan langileria 14 egunez matxinatu zenetik. Lastailaren 18an II. Errepublikaren errepresio odoltsuaren aurrean erori arte. 90 urte bete dira Iguzkiza hemen bertan hil zutenetik, matxinada testuinguru horretan egin ziren mobilizazio ugarietako batean". 

Omenaldia lastailaren 12an egin zen, hain zuzen, "espainiar nazionalismoaren eta Guardia Civilaren festa, duela 90 urte Iguzkiza eta estatu osoan beste militante asko tiroka akabatu zituzten berberak". Omenaldiarekin Sakanako Kontseilu Sozialistak "borrokatu eta bizitza eman zuten guztien figura gogoratu eta omendu" zuten, "ahaztu gabe haien borrokaren zergatia eta norabide berean borrokatzen jarraitzearen garrantzia", gaineratu zuten. 

Familia
Omenaldian Iguzkizaren senideak izan ziren. Haren seme Justi duela 10 hilabete pasatxo hil zela gogoratu zuen ilobak. Hasteko gertatutakoaren memoria mantentzeagatik eskerrak eman zituen. Ilobak jakinarazi zuen aitona ospitalean zela, azken omenaldian ez zuela parte hartu nahi izan. Zergatiaz galdetuta, aitona beldur zela erantzun zion ilobari. Horren harira galderak egin zituen ilobak: "90 urte dituen pertsona batek, ospitaleko aulki batean dagoela, zergatik esanen zuen beldur zela? Zeren beldur zen? Benetan iraganak aurrean zuen heriotzak baino beldur handiagoa ematen zion? Zein urrun dago iragan hori?"

Senideek eskerrak eman zieten omenaldiaren antolatzaileei, Altsasu Memoriari, Josu Chueca historialariari, Altsasuko gaztetxeari, Altsasuko Udalari, "jo eta su honekin lanean jarraitzen duzuenoi eta hurbildu zareten guztioi".