Sunsundeguiko aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea negoziatzeko epea gaur despeditzen da. Enpresa batzordean dauden lau sindikatuek (UGT, LAB, CCOO eta ELA) ez dute espedientea sinatuko, ezta haren kontrako inpugnaziorik aurkeztuko ere. Langileen ordezkariek espero dute espedientea astelehenean indarrean sartzea. Zuzendaritzaren asmoa da ilbeltzaren 19ra arte luzatzea.
Zuzendaritzak dirurik ez dagoela esan duenez, espedientearen baldintzak hobetzeko aukerarik ez da izan. Beraz, langileek ez dute Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik soldataren osagarririk jasoko eta hilero kobratzen dutenaren %70a jasoko dute. Espedientearen indarraldia sei hilabete baino gehiago luzatuko balitz, kobratuko luketena soldataren %60a litzateke. Zuzendaritzak oporren %100 bermatuko du, eta aparteko ordainketa, estra, bermatu du.
Protesta
Bitartean, enpresa batzordeko gehiengoak (UGT, LAB eta ELA) deituta, bi protesta bilkura egin dituzte aste honetan. Hainbat langilek bilkura egin zuten enpresaren bulegoen parean asteartean. Hurrengo egunean, berriz, aipatu sindikatuetako ordezkariak Altsasuko udaletxe parean ordu bat egon ziren kontzentratuta. Protesta horien bidez salatu dute langileek iraileko nomina ez dutela kobratu. Horrek langileak "ekonomia egoera zailean utzi gaitu, eta hori larritu eginen da aurki aldi baterako enplegu erregulazio espedientea indarrean jarriko delako".
Horregatik, enpresa batzordeko gehiengoak Sunsundeguirekin lotura duten eragile guztiei dei egin diete lantegirako "premiazko konponbidea bilatu eta etorkizunerako bideragarritasun plana egiteko, langileendako eta eskualderako". Dei horren hartzaileak dira enpresako administrazio kontseilua, Nafarroako Gobernua eta Sodena enpresa publikoa.
Aldi berean, enpresa batzordearen gehiengoak "Sunsundeguirendako lan egiten duten enpresa hornitzaile guztiei babesa" adierazi zien, "jakitun baikara zein egoera zaila bizi duten". Nabarmendu zutenez, "enpresa hornitzaile horiek lantegiaren eta gure industria ehunaren funtzionamenduarendako funtsezkoak dira". Enpresa batzordeko gehiengoak ez du baztertzen protesta gehiago deitzea.
Azken idatzi horrekin CCOOk bat egiten du. Ez, ordea, gainontzeko sindikatuek aurreikusitako mobilizazioekin. CCOOren iritziz, "indarra enpresa barruan egin behar zen, ekoizpena gelditu". Sindikatu horrek, bestalde, Nafarroako Parlamentuan dauden alderdi eta koalizioei gutun bana bidali die. Bertan aukera bat kontuan hartzeko eskatu diete: "enpresa euro baten truke inbertitzaile bati oparitu beharrean, kooperatiba bat edo Lan Sozietate Anonimoa (jabetzaren %51 langileek izatea) sortzea. 2010ean egin ez zena orain egitea". Sindikatutik aitortu dutenez, "zaila da, baina aukera aipatu beharra genuen". Gaineratu dutenez, "Mikel Irujo Amezaga industria kontseilariak 2022ko bilera batean aukera hori proposatu zuen".