Nasuvinsak, Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoak, Altsasun babes ofizialeko 21 etxebizitza, garajea eta trastelekuak eraikitzeko lanak eman ditu. Qoda Construcciones SM enpresa arduratuko da lanak egiteaz. Obraren truke enpresak 4.331.800 euro (BEZ barne) jasoko ditu. Lanak Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (Next Generation EU) funtsen kontura finantzatuko da. 21 etxebizitzetatik bederatzi bi logelakoak (80 m2) izanen dira, beste bederatzi hiru logelakoak (90 m2), bi gela bakarrekoak (60 m2) eta bat irisgarria. Horiek guztiak lurrazpiko garajea, beheko solairua eta hiru altuera izanen dituen eraikin batean egonen dira. Beheko solairuan udalak 596 m2-ko lokala izanen du.
Eraikuntza lanak aurrera egiteko Altsasuko Udalak eta Nasuvinsa enpresa publikoak Enpresa publikoak hitzarmena sinatu zuten. Horren arabera, Nasuvinsak partzelaren beste aldean beste 21 etxebizitza egiteko aukera luke bost urteko epean.
Alokairu errolda
Jasoko den eraikineko etxebizitza guztiak alokatzeko izanen dira, bereziki 35 urtetik beherako gazteei zuzendutakoak, bai eta desgaitasuna edo bestelako gizarte premiak dituzten pertsonei ere. Beti ere, lehentasuna izango dute Altsasun erroldatutako pertsonek.
Eraikiko diren 21 etxebizitzetako bat alokairu erregimenean eskuratu nahi dutenek Nasuvinsaren eskatzaileen erroldan izena eman beharko dute. Izen-ematea telematikoki egin daiteke nasuvinsa.es webgunearen bidez. Enpresa publikoak Iruñeko San Jorge etorbideko 8. zenbakian duen egoitzan ere eman daiteke izena, baina, horretarako, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da aipatu webgunean.
Behin eskatzaileen erroldan izena eman ondoren, eskatzaileak bere lehentasunak aldatu edo datuak egunera ditzake, modu errazean eta berriro izenik eman beharrik gabe, telematikoki (nortasun agiri elektronikoarekin) vivienda.navarra.es webgunean sartuta, edo aurrez aurre sozietate publikoaren bulegoetan aldez aurretik hitzordua hartuta.