40 argazkilari inguru lehiatu zirela azaldu du.
1. Nola bururatu zitzaizuen Altsasuko Argazki Rallya antolatzea?
Historia polita du atzetik. Nafarroako Argazkilaritza Erakundea Altsasun jaio zen, Gartzia Ximenez kalean zegoen Alaska Hotelean. Altsasuko zenbait argazkilari zeuden bertan, Fernando Sayasek asko daki horretaz. Altsasun argazkilaritzarekiko zaletasun handia zegoen, eta hori ikusita, 1982-1983 inguruan rallya antolatzeko ideiarekin hasi ginen bueltaka. 1985. urtean lehendabiziko edizioa egin genuen, eta aurten 38. edizioa izan da, pandemian izan ezik, guztietan egin dugulako.
2. Zergatik Altsasuko ferietan?
Feriak argazkiak ateratzeko joko handia ematen zuela iruditzen zitzaigulako. Gure rallyak agian horregatik du horrenbesteko izena, argazkilariei guztiak arreta deitzen dielako: abereek, barazkiek, jendeak, postuek...
3. Nork parte har dezake Ferietako Argazki Rallyan?
Memoria txartela duen kamera digital bat duen edonork. Bi kategoria ditugu: haurrak eta helduak. Aurretik, edo egunean bertan eman daiteke izena.
4. Argazkien gaia librea da?
Ez, gaiak daude. Gai horiek zein diren igandean bertan esan genien argazkilariei. Gai bat, normalean, Altsasu herria edo azoka izaten da, eta gero beste bost gai egoten dira. Sei guztira.
5. Argazkilari bakoitzak zenbat argazki aurkez ditzake?
Gai bakoitzeko argazki bat; beraz, guztira sei argazki.
6. Argazkilarien zenbat denbora dute argazkiak egiteko?
Izena eman bezain pronto has daitezke lanean, eta 10:00etatik 12:00etara entregatu beharko izaten dute euren lana. Segidan, aurkeztutako argazki guztien proiekzioa egiten dugu Gure Etxean. Bitartean, epai mahaia argazkiak aztertzen eta erabakia hartzen egoten dira. 14:00ak inguruan sari emate ekitaldia izan zen.
7. Lan handia izango duzue argazkiak deskargatu eta argazkien proiekzioa prestatzen.
Bai, hamabi pertsona inguruko lantaldea ibiltzen gara lanean, Altsasuko Mendigoizaleak taldekoak guztiak. Argazkilariak iritsi eta berehala, euren lana deskargatzen dugu. Beraiek esango digute zein sei argazki aurkeztuko dituzten. Eta, berehala, argazkilari bakoitzaren argazkien bilduma prestatzen dugu Power Pointen. Gainontzekoen lana batzen joaten gara, eta argazki guztien proiekzioa egiten dugu, Gure Etxera hurbiltzen diren guztiek argazkiak ikus ditzaten. Bestalde, taldeko beste batzuk hamaiketakoa prestatzen aritzen dira, argazkilariei hamaiketakoa eskaintzen baitiegu Zubeztia elkartean.
8. Duela urte batzuk Altsasuko Mendigoizaleen egoitzan egoten zineten, eta ferietatik kanpoko egun batean argazki erakusketa eta sari ematea egiten zenuten.
Aurten hirugarren urtea da argazki rallya Gure Etxean egin dugula eta sariak egunean bertan banatu ditugula. Lan handia da, baina hobe, bestela hotz geratzen zen. Azokaren erdi-erdian gaude, eta jendea unean bertan argazkiak ikustera sar daiteke. Baina arrazoi nagusia argazkilaritzan eman den iraultza da.
9. Analogikotik digitalera egin duzue salto, besteak beste.
Argazki rallyarekin hasi ginenean, karrete bana ematen genien argazkilariei; horrek egin zitzaketen argazki kopurua mugatzen zuen. Karreteak errebelatu, eta diapositiba formatuan erakusten genituen egun batzuk barru, eta sariak banatu. Pentsa. Argazki kamera digitalekin, guztia aldatu da. Egunean bertan ikus daitezke eta saritu.
10. Zenbat argazkilarik parte hartzen dute?
Gora egin du parte hartzeak. Azkenaldian 45 inguru izaten dira, aurten pixka bat gehiago. Izan ere, gure rallya Herriz Herri Argazki Rallyen Txapelketarako baliagarria da azken urteetan, Euskal Herrian antolatzen diren beste hamahiru argazki rallyekin batera, eta horrek, parte hartzea nabarmen igotzeaz gain, batez ere argazkien kalitatean eragina izan du, aurkezten diren argazkilariak oso onak direlako. Euskal Herri osotik hurbiltzen dira. Altsasuarrak beti aurkezten dira, baina esango nuke geroz eta gutxiago.
11. Argazki Rallyko argazkiak hurrengo urteko ferietako kartela diseinatzeko erabiltzen dira. Hori ere sari polita da.
Bai, argazkia kartelean erabiltzeko baimena eskatzen zaie, eta ilusio handia egiten die, gainera. Sariei dagokienez, lehen bilduma onenak garaikurra eta 150 euro jaso zituen, bigarren bilduma onenak 100 euro eta garaikurra, eta hirugarren bildumak 60 euro eta garaikurra. Haurren kasuan, lehen, bigarren eta hirugarren haur bilduma onenak sari ziren. Aparte, Altsasuko argazki onena saritu genuen.