Astekaria

Bardoitzako aterpea berritzen

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko urr. 24a, 09:00

Altsasuar talde bat auzolanean Urbasako mendi aterpea berritzen ari da. Auzolanean ari dira eta urtea despeditu aurretik bukatu nahi dituzte lanak herritarren laguntzaz. Egindakoa Gure Etxea eraikinean ikusgai izan zen urriaren 20an. Dirua ere jasoko dute

Urbasan, Bardoitzan, izen bereko aterpea kudeatzen du Altsasuko Mendigoizaleak taldeak. Aterpea 1.060 metroko alturan dago eta 59,4 metro karratuko azalera du. Barruan bi espazio ditu, egongela eta logela, 20 bat pertsonarendako tokia duena. Zegamako Zabaleta artzainak eraiki zuen borda, baina ezkondu eta Andia aldera jo zuen. Borda Pantaleon Arrieta eta Rosa Iparragirreri saldu zien. Haiek eta bere alabak, Alicia eta Mª Arrate Lucia, maiatza hasieratik Altsasuko festetaraino mendian egoten ziren urtero. Artzain jarduna 1964an utzi zuten. Gerora aterpe bilakatuko zuten eraikina, gaur arte. 

Mendi taldeari aterpearen kudeaketan laguntzen hasi ziren hiru gazte altsasuar duela bederatzi bat urte, beti ere, helburu bat argi zutela: "herriarendako zabalik mantentzea". Aterpearen egoera ikusita, premiazkoa ikusi zuten beheko su irekia su itxi bategatik ordezkatzea. "Sua piztean ke asko ateratzen zen eta arriskutsua bihurtu zen", gaztigatu dute. Kontatu dutenez, hasiera hartako prozesua gorabeheratsua izan zen, "batzuetan bizi aritzen ginen, motel besteetan". Haiek lortutako bitartekoekin egongela berritzea lortu zuten. Zoruan baldosa berriak jarri eta barruko paretak saneatu eta txuriz margotu zuten guztia. 

Azken urteetan haren erabilerak behera egin du. "Baina lortu da erabiltzeko moduan izatea. Su berria jarri zenez geroztik, jende asko ez da pasatzen, baina erabilera du. Batez ere, mendia maite duen jendearena. Aterpea mendia maite dutenendako baita, errespetuz jokatzen dutenendako". 

Bulkada
Haien egitekoa pixkanaka egiten ari ziren, "baina bulkada baten sumatu genuen, auzolanaren premia. Parte hartzea herrira zabaltzea ezinbesteko jo genuen, borda maite dutenen berritze proiektua izan zedin", adierazi dute. Horrekin batera, aterpeak zituen premiak aztertu zituzten, guztiei erantzuna eman ahal izateko. Batekin eta bestearekin asko hitz egin zuten, handik eta hemendik ideiak hartu zituzten eta haien gainean eztabaidatu ere. Ezagutzak dituzten hainbat aditurengana ere jo zuten aholku eta laguntza eske. 

Prozesu hori guztia pasa den larunbateko auzolanean mamitu zen: hogeiren bat altsasuarrek Bardoitzako aterpea berritzeko auzolanean parte hartu zuten. Hiru lan zituzten egiteko eta hirurak despeditu zituzten. Batetik, aterpearen teiladura konpontzea eta txukuntzea. Hautsitako teilak berrerabilitako teilengatik ordezkatu zituzten, eta hondatuta zeuden zatietako teilak aldatu zituzten. Haien azpian asfaltozko geruza isolatzailea jarrita zegoenez, teilatuko lanak horrela despeditu zituzten. 

Bestetik, logelan lan egin zuten. "Zaborrez beteta zegoen, ez zegoen erabilgarri. Zegoen zaborra, egurrak eta koltxoiak atera genituen". Horiek eginda, literen metalezko egitura mugitu eta logelako pareta saneatu zuten. "Oraindik ez dakigu margotu edo baldosak jarriko ditugun. Ideiak hartzen ari gara. Garbi dago lurra txukunduko dugula". Bestetik, litera sistema berrirako ideiak hartzen ari dira. Auzolaneko partaideen iritziz, "garrantzitsua baita familiak edo lagun taldeak bertan lo egin ahal izateko".  

Azkenik, egongelan tximiniako tutua eta teilatua bat egiten duen tokiko zuloa tapatu zuten. Aldi berean, tximiniako tutuaren atzean, paretara itsatsita, txapa bat jarri zuten eta, ondoren, tutua bera estali zuten. Enpresa batek jarri zuen materiala eta hura soldatzen egon ziren larunbat goizean. Auzolaneko parte hartzaileek giro ederrean aritu ziren. 

Egitekoak
Lanak erabat despeditu ez direnez, beste auzolan bat eginen dute. "Urtea despeditu aurretik izanen da". Bitartean, egindako lana erakusgai jarriko dute Gure Etxea eraikinean urriaren 20an. Altsasuko Mendigoizaleak taldeak ferietako argazki rallya antolatu zuen eta aurreko edizioetan ateratako argazkien erakusketan ikusgai jarriko zituzten. "Erakusketaren zati bat aterpeari eskainita egon zen. Auzolanari buruzko bideo bat ikusgai izan zen. Eta jakinik aterpetik jende asko pasa dela, aterpean ateratako garai bateko argazkiak ere ikusgai izan ziren". Beraz, Gure Etxea eraikinetik pasa zirenak lanen berri jaso eta auzolangileei laguntza emateko aukera izan zuten. "Orain arte gure poltsikotik jarri dugu konponketetarako dirua. Lanak aurrera egiteko, jendeari dei egin genion jarri genuen eltzeitsuan dirua sartzeko. Bide batez, auzolanean parte hartzeko deia egiten dugu ere".