Gizonezkoen bigarren maila autonomikoan bi jardunaldi jarraian jokatu ditu CBASK Narum Fisioterapia talde altsasuarrak. Asteburuan bigarren jardunaldia jokatu zen, eta San Ignacio Nasabi liderraren kontra 72-59 galdu zuen talde altsasuarrak. Hasieratik aurrera hartu zuen San Ignaciok, baina bukaera aldera aldera oso gertu jarri zitzaion CBASK Narum Fisioterapiak. San Ignaciok ez zuen arrisku gehiago hartu nahi izan, eta azken txanpan oso fin ibili zen, 13 punturen aldearekin gailenduz.
Asteburu honetan hirugarren jardunaldia da jokatzekoa, baina CBASK-ek jardunaldia aurreratzea erabaki zuen, feriengatik. Horrela, Humiclimaren eta CBASK Narum-en arteko partida urriaren 16an jokatu zen. Bi taldeek partida oso estua eskaini zuten. Hasieran Humiclima aurretik joan zen, baina partida bukaeran CBASK-ek aurreratzea lortu zuen. Tamalez, azken segundoetan Humiclimakoek gehiago asmatu zuten, eta, 62-60 gailendu ziren.
Hain zuzen ere, Humiclima da gizonezkoen bigarren maila autonomikoko lider (6 puntu). CBASK Narum Fisioterapia laugarren da (4 puntu). Asteburu honetan, beraz, feriez gozatuko dute altsasuarrek.
CBASK Xabi Gorrizek, berdin
Emakumezkoen lehen Senior Autonomikoan, gizonezkoen taldeak egindako berbera egin dute. Hau da, bigarren jardunaldiko partida jokatu eta hirugarren jardunaldiko partida aurreratu.
Bigarren jardunaldian, CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak 41-53 galdu zuen Larraona Clareten kontra. Larraona Claretek errenta handia atera zuen, bukaerara arte ongi kudeatu zuena. Aurreratutako hirugarren jardunaldian Sanduzelai izan zuen aurkari talde altsasuarrak. Hasieran parez pare aritu ziren bi taldeak, baina Sanduzelaik, takada bati esker, tarte handia hartu zuen, eta bukaeran 52-34 irabazi zion talde altsasuarrari.
Sailkapenean, hain zuzen ere Sanduzelai da liderra (4 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea seigarren da (3 puntu). Asteburu honetan atseden hartuko dute.