Baterien bidez energia elektrikoa biltegiratzeko instalazioa jarri nahi dute

Guaixe 2024ko urr. 24a, 11:34

Altsasuko kooperatiba eta goi tentsioko argindar azpiegitura. SITNA

Txunkain dagoen argindar estazioaren ondoan jarriko lukete.

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak jendaurrean jarri du honako proiektua: 5 MW-ko eta lurrean instalatutako “Zakubi” izeneko baterien bidez energia elektrikoa biltegiratzeko instalazioa eta haren transformazio eta ebakuazio azpiegiturak jartzea. Egitasmoa Txunkain dagoen goi tentsioko argindar estazioaren ondoan eginen litzateke, Altsasuko kooperatibaren atzeko aldean. Proiektuari buruzko dokumentazioa departamentuak Iruñean duen egoitzan edo lastailaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean kontsultatzeko aukera dago. Alegazioak, iradokizunak edo oharrak idatziz aurkezteko azken eguna azaroaren 29a da. 

The Best Global Practices, SM-ak egin du proiektua egiteko eskaera. Adierazi duenez, "biltegiratze energetiko hori instalatuta, zerbitzuak emango zaizkie kudeagarritasun ahalmen handiagoko garraio eta banaketa sareei, eta sorkuntza iturri berriztagarrien sistemaren onarpen gaitasuna handituko da, eguzki energiarena edo eolikoarena, esaterako. Horrela, beste energia iturri batzuk aurreztuko dira, eta, aldi berean, energia teknologiko aurreratuak eta trantsizio energetikoa sustatuko dira".

Sustatzailearen iritziz, energia biltegiratzeko instalazioa jartzeko "potentzial handiena eta ingurumen inpaktu txikiena duen kokalekua" aukeratu dute, "lurraldean integratzeko irizpide tekniko, ekonomiko eta sozialak kontuan hartuta". Sare elektrikoan behar bezala konektatzeko eta integratzeko, aurreproiektu horren xede ez den maniobra, babes eta neurketa zentro bat (CMPyM) jarriko da ere.