Udalak baso aprobetxamendua saldu du

Guaixe 2024ko urr. 25a, 11:10

Iturmendiko ikuspegia. ARTXIBOA

Hiru lotetan banatuta, enpresa berak eskuratu du.

Iturmendiko Udalak 195.110 euro jasoko ditu baso aprobetxamendu baten salmentagatik. Hura osatzen zuten hiru loteak Explotaciones Forestales Zubillaga Saralegui SM enpresak erosi ditu. Aurrenekoa 1.604 pagok osatzen dute eta Berreona, Berreonako zulo, Txorierreka eta Argiñaroz dermioetan dago. Guztira, 676,6 m³ zur dira, eta 1719,5 m³ enbor txiki. Udalak 58.702 euro eskuratu ditu horrengatik. 

Bigarren lotea ere pagoz osatuta dago, 1.757 zuhaitz zehazki. Maugiaburu, Pagozabal eta Iradi dermioetan dago lote hori. Guztira, 1202,4 m³ zur dira, eta 2145,8 m³ enbor txiki. Udalak 127.600 euro bereganatu ditu. Hirugarren lotea 5.573 pagoz osatuta dago, honako dermioetan dago: Bargea, Galtzagata, Nartonta, Malkorrazpia, Malkorra, Angiturrieta eta Tufazuri. Guztira 1701,85 m³ enbor txiki da. Udalak lote hori 8.808 eurotan saldu du.