Bigarren finalaurreko saioak jokatuta, dagoeneko Nafarroako taldekako bertsolari txapelketak finalistak ditu: Baztanzopak, Hor gu! eta Mutilatuak. Finala urriaren 26an jokatuko da, Garesen. Ez da sakandarrik izanen.
Altsasu, Barañain eta Leitzako kideez osatutako Manteleko sobrak zen sakandarrez osatutako finalaurrekoetara iritsi zen talde bakarra. Bigarren finalaurreko saioa Irunberrin jokatu zuten, Baztango Baztanzopak taldearekin. Manteleko sobraketik Ekain Alegre, Eki Mateorena eta Kattalin Lizarraga aritu ziren eta Baztanzopaketik Alazne Untxalo, Amaia Elizagoien eta Malen Alzuart. Azken hauek irabazi zuten bai joaneko saioa, baita itzulikoa ere, finalerako txartela berretsiz.
Etxaurin Mutilatuak eta Argako Bixiguak aritu ziren; lehenengo taldeak irabazi zituen bi finalaurrekoak, finalerako sailkatuz. Tuteran jokatutako finalaurrekoan EzKrashak eta Hor gu! taldeak aritu ziren; bi finalaurrekoak irabazita, Hor gu! sailkatu zen finalean.