Velòdrom Illes Balears-ek III. Mallorca Taekwondo Opena hartu zuen urriaren 19an. Nafarroako Taekwondo Selekzioko 10 borrokalarik parte hartu zuten, tartean Erkuden Moreno Muñozek. Altsasuarra Altsasuko Bargagain eta Lezkairu taekwondo klubetan trebatzen da, Altsasuko irakasle Gerardo Montero, aldi berean, Lezkairuko klubeko irakaslea ere badelako.
Nafarroako selekzioak lan bikaina egin zuen. Sei dominarekin itzuli ziren Mallorcatik: urrezko hiru domina, zilarrezko bi domina eta brontzezko domina bat. Urrezko dominetako bat Erkuden Morenok lortu zuen. Altsasuarra senior mailako 46 kg azpiko mailan lehiatu zen, eta finalerdietan sartu zen lehian. Finalerdietan Kataluniako txapeldunorde Lucia Sanchez hartu zuen mendean (2-0). Final handian 2021eko kadete mailako Espainiako txapeldun Judith Gonzalez sevillarra izan zuen aurkari. Moreno ezin hobe aritu zen eta final borrokatua irabaztea lortu zuen, urrezko domina jantziz.
Bestalde, irailaren 14an Bargagaingo Irea Etxanizek Espainiako kadete eta 21 urtez azpiko txapelketan parte hartu zuen, eta 33 kg azpiko mailan brontzezko domina lortu zuen.