Joan zen urteko Altsasuko feriek hutsune nabarmena izan zuten: Onddo Lasterketaren eta Altsasuko Ferietako ikastetxeen arteko Krosaren falta. Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak eta Altsasuko Udalak arazoa izan zuten dirulaguntzen kontura, eta klubak proba ez herrikoiak ez antolatzea erabaki zuen. Lasterketen falta asko nabaritu zen, izan ere, Altsasu eta atletismoa elkarri lotuta baitira aspalditik. Gogora ekarri behar dugu iaz, Nafarroako Atletismo Federazioaren mendeurreneko galan, Altsasu herriak 100 urte hauetan atletismoa sustatzeagatik urrezko intsignia jaso zuela. Klubaren eta udalaren arteko arazoak konponduta, aurtengo ferietan normaltasunez jokatu ziren XIV. Onddo Lasterketa eta Ikastetxe arteko XLII. Krosa.
180 partaide inguru
Dantzaleku Sakana klubak onddoak jaiotzen diren paraje ederretan barna 7 km-ko zirkuitua prestatu zuen. Oinezko ibilbidea egin zutenak 10:30ean abiatu ziren eta korrikalariak 11:00etan, askok aurtengo kamiseta jantzita zutela. Guztira 180 partaide inguru izan zituen ekimenak. Tartean ikastetxeen arteko krosean parte hartu zuten 36 neska-mutilak zeuden. Bukaeran, onddo saskiak zozketatu ziren.
Antolatzaileek balorazio ona egin dute, txikienen parte hartzea jaitsi izana salbu. "Eskola arteko krosa atzeratu genuen, 12:00etara, eta ez dugu asmatu, besteak beste erraldoi eta buruhandien kalejirarekin bat egin zuelako. Datorren urtean hobeki planifikatu beharko dugu egutegia, ekimenek bat egin ez dezaten. Agian ordu erdi aurreratu beharko ditugu ordutegiak" azaldu du Dantzaleku Sakanako Peio Vergarak. Bestela, egunarekin "oso pozik" dago antolakuntza. "Eguraldi ona egin zuen, eta guztia primeran atera zen".
Dantzalekuko batzarra
Dantzaleku Sakana Atletismo Klubeko bazkideek batzarra izan zuten urriaren 26an. Klubaren egoera, eskola, materiala eta bestelako gaiak landu ondoren, klubeko zuzendaritza batzordea berritu zen.
Nafarroako Kros Txapelketa
San Silvestrea izango da klubak antolatuko duen hurrengo proba –aurtengoa 45. edizioa izango da–, baina ilbeltzaren 12an Dantzalekun jokatuko den Altsasuko Krosa, aldi berean Nafarroako Kros Txapelketa izango dena, prestatzeko nahikoa lan dute Dantzalekukoek. "Nafarroako Atletismo Federaziotik konfirmatu berri digute, gurea Nafarroako Txapelketa izango dela. Pentsatzekoa da distantzia luzekoa izango dela, 10 kilometrokoa, baina oraindik ez dakigu".
Ekimena Dantzalekun, merenderoetatik abiatuko den 2 km-ko kros zirkuitu iraunkor ederra mustutzeko probestuko du klubak. "Altsasuko Udalarekin adostasunera iritsi gara, urtean bitan ibilbidea garbitu eta mantenua egiteko. Oinez edo korrika egiteko zirkuitu ederra da".