Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak (bostetik hiru LABeko kideak) akordioa lortu dute. Sindikatutik azaldu dutenez, "lan hobekuntza nabarmenak" jaso ditu hitzarmenak. Akordioaren jarraipena egiteko eta hurrengo hitzarmenari buruzko negoziazioak hasteko aldeak hilero bilerak eginen dituzte. LABeko kideek lortutako akordioaz "oso balorazio positiboa" egin dute, "2008tik Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) azpiko soldata igoerak egon dira. Orain urte bakoitzeko soldata igoera, Nafarroa Garaiko KPIarekin lotuta egonen da. Igoera horrek oinarrizko soldatari, hitzarmenaren plusari eta antzinatasun-osagarriari eragiten die". LABekoek gaineratu dutenez, "hainbat arlotan aurrerapausoak lortu dira".
Batetik, hitzarmena indarrean den bitartean lanaldia 58 murriztuko dute bederatzi kategoriatako langileek. Bestetik, jai egunetako plusaren inguruko akordioa izan da. "Aurreko hitzarmenak zioen oporretako nomina kalkulatzeko ez direla aintzat hartuko batez besteko plusak. Hemendik aurrera plus hori hobetu eginen da, aurreko hilabeteetako plusak kontuan hartuko baitira", azaldu dute LABetik. Aldi berean, klinikako lan hitzarmeneko hainbat testu eguneratu eta aldatu dituzte, "bestelako interpretazio posiblerik izan ez dezaten. Testuak lizentziei (lanegunetan hartuko dira), aparteko orduei, ordu osagarriei eta lan-egutegiari buruzkoak dira", zehaztu dute. Aldeek jasotakoaren arabera, langileak mediku espezialistaren kontsultara joateko beste egun bat izanen dute lan hitzarmenean.
Klinika psikogeriatrikoaren lan itun berriaren arabera, "laneko benetako denboratzat hartzen dira erizaintzako txandetan informazioa hartu eta emateko gainjartzen diren 15 minutuak". Horrekin batera, aipatutako kolektibo horri urtero egun libre bat aitortu zaio, analisiak herriko osasun zentrora eramateagatik. Azkenik, Eguneko Zentroko erizainen kasuan, atsedenaldia benetako lan-denboratzat hartuko da. Horretarako, hiru hilabeteko proba eginen dute.