Hiru urteren ondoren Altsasuk, atzera ere, Gazte Topagune Sozialista hartuko du. Antolaketan burubelarri ari dira.
Gazte. Haiendako bakarrik?
Nahia. GKSn gazteei bideratutako jardunean aritzen gara gure egunerokoan. Garrantzitsua ikusten dugu ikasleak eta gazteak politizaziorako espazioak izatea.
Topagune. Zertarako?
Haizea. Gaurkotasuneko hainbat gairen inguruan eztabaidatu eta hausnartzen da. Horretaz aparte, komunitatea indartzeko, elkar ezagutzeko eta ideiak elkarbanatzeko aukera ematen du topaguneak. Azken finean, baliabide bat da indarrak hartzeko.
Sozialista. Zeini zuzenduta?
N. Gaur egun krisi kapitalista batean murgilduta gaude, gerra eguneroko ogia da. Beharrezkoa jotzen dugu horri guztiari aurre egiteko alternatiba sozialista bat indartzea. Egongo diren eztabaida eta hausnarketen bidez garrantzitsu ikusten dugu horri aurre egitea edo, behintzat, aurrerapauso batzuk ematea.
Zeren inguruan hausnartuko duzue?
"Gaurkotasunaz eta heldu diren urteetan eman beharreko pausoez hitz egingo da"
H. Gaurkotasunaz eta heldu diren urteetan eman beharreko pausoez hitz egin eta horiek landuko ditugu. Hainbat hitzaldi eta mahai inguru egongo dira: ekonomia krisia, euskal literatura, gaurkotasun politikoa, emakumearen auzia, gazte eta ikasle mugimenduaren historia Euskal Herrian eta mugimendu sozialistaren erronkak.
N. Gaietan adituak diren hainbat hizlari etorriko dira. Guretako erreferente politikoak dira eta asko dugu ikasteko haiengandik. Hitzaldi eta mahai inguruen akaberan galderak egiteko aukera izango da.
Dena trebakuntza izanen da?
H. Ez, aisialdirako aukera eta eduki politikoa lantzeko hainbat gauza egongo dira.
N. Bi espaziotan banatuko da. Gune nagusia Dantzalekuko futbol zelai zaharrean egongo da. Eta Sutegi deituriko gunea Foru plazan egongo da. Karpa horretara edonork sartzeko aukera izango du eta ez da sarrerarik behar. Gune nagusira sartu ahal izateko sarrera beharko da.
H. Eguneko bonuak daude, ostegun eta ostiralerako 10 eurotan, larunbatean 20 eurotan, eta larunbateko kontzertuak 15 euro.
Zertarako balio dute topaguneek?
N. Halako espazioak garrantzitsuak dira gazte langileok politizatzeko, gure artean eztabaidatzeko. Gure egunerokotasunean gauzak gertatzen dira eta horren inguruan jakitun ez bagara pertsona pasiboak bilakatzen gara. Gure ideiak defendatzen jakiteko ere.
Topagunea bigarren aldiz Altsasun egingo da.
N. 2021ekoa esperientzia ona izan genuen. Herrian ere harrera ona izan genuen, jendea pozik egon zen. Ikusi genuen herrian berriro egitea oso positiboa izan zitekeela. Gainera, Altsasu Euskal Herriaren erdigunean dago gutxi gorabehera, horrela jendea gerturatzea errazago da.
Aurkezpenak, zer moduz?
N. Oso ondo. Jendea gerturatu da, zalantzak argitu ditu. Motibatzeko balio izan dute. Jendeak badu aurreko topagunearen esperientzia, oroitzapen positiboa du. 2000 pertsona inguru espero dira. Euskal Herritik, Galiziatik, Kataluniatik, Madrildik... Haiekin ere badugulako asko ikasteko, eta haiek ere gugandik asko ikasteko dutelako.
Zer arrasto uztea espero duzue?
N. Gazteen artean pixka bat kontzientzia gehiago, lan egiteko gogo hori. Benetan proiektu politikoan sinesteko gogo gehiago izatea, motibazioa, kontzientzia hori beharrezkoa delako.
Ondoren, zer?
H. Pilak karga, lanean segitzeko.
N. Handitzen doan mugimendu bat da. Topagunea eta gero gehiago izatea espero dugu.