Astekaria

"Sufrimendu fisikoa eta mentala nahita egiten da"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko urr. 30a, 13:30

Javier Galeano Fuentes, ezkerrean, Izaskun Forkada eta Roberto Castresanarekin Bilbon. UTZITAKOA

Javi Galeano Fuentes #ezdanirekultura HELerako fede emaile berezia da. Tauromakia kultur ondare izendatu zuen Espainiako Gobernuak 2013an. Legea bertan behera uzteko Herri Ekimen Legegilea martxan da, sinadurak biltzen ari dira

Tauromakia kultur ondoare izateari uzteko indarrean dagoen legea indargabetzeko Herri Ekimen Legegilea (HEL) abiarazi dute. Hura sustatzen duen Sustapen Batzordeak baimendutako pertsonak, fede emaileak, ari dira han eta hemen sinadurak biltzen, tartean Javi Galeano altsasuarra dago.

Zer da animalien ongizatea?
Kontzeptu horren arabera animaliak alferrik ez sufritzeko moduan tratatu behar dira; osasun egoera ona eta emozio ongizatea izan behar dute. Eta haien berezko natur instintuen arabera jokatu behar dute. Bost oinarri ditu: ura eta janaria eskuratzea, osasuntsu egoteko; ingurune egoki baterako sarbidea; minik, lesiorik edo gaixotasunik ez izatea: prebentzioa edo diagnostikoa eta tratamendu egokia; portaera normala adierazteko libre izatea eta, azkenik, beldur eta larritasun askatasuna: animaliak buruko sufrimendua saihesteko moduan daudela ziurtatzea. Bestalde, kontzeptuak animalien tratu etiko eta errespetuzkoaren alde egiten du, izan maskotak, lehen sektorean aritu, ikerketarako erabili, entrenamenduan edo pertsonen eta animalien arteko beste esku hartzetan. Hala ere, Estatuko egungo legeak horietako batzuk ahaztu ditu, esaterako, ehiza txakurrak. 

Jose Javier Napal Gorriz HELeko kide fede-emailearen arabera "gaizki deitutako 'animalien ongizatea' ez da existitzen, eta, beraz, ez da aplikatzen. Berez, izena ere aldatu zuten, nahi gabe justizia eginez, eta orain laguntza eta esperimentazio animalien atala deitzen da, ez animalia ongizatearena". 

Zer eragiten dizue bigantxak, zezenketak edota entzierroak ikusteak?
Gaitzespena, lotsa, tristura eta ezintasuna. 


Nafarroa Oinezen sinadurak bildu zituzten. ARTXIBOA

Zergatik?
Entzierroetan zezenak bulkatzen dituzte jendez betetako eta zaratatsuak diren kaleetan laster egitera. Naturaren kontrakoa den inguru horretatik ihes egiten saiatzerakoan estresa, beldurra eta balizko lesioak eragiten ditu. Animaliek ezin dituzte berez naturalak diren jokabideak adierazi, eta larritasun handia jasaten dute.

Bigantxak askatzeak edo sokamuturrek ez dute animalien ongizatearen printzipioak erabat betetzen. Izan ere, egoerak estresa sortzen die eta parte hartzen duten animaliek litekeena da min hartzea. Berez hor egotea aukeratu ez duen izaki bat da. 

Hiru definizio. Tratu txarrak: pertsona edo animalia bati kalte fisiko edo morala eragitea. Krudelkeria: sufrimendua eta min bizia eragiten dituen ekintza. Sufrimendua: mina edo pairamen fisiko edo psikikoa. Horiek kontutan izanda, eta AVATMAren (Tauromakiaren eta Animalien Tratu Txarren Albaitari Abolizionisten Elkartea) albaitaritza ikerketen arabera, ziurta dezakegu bigantxek eta behiek ikuskizun horietan tratu txarrak, krudelkeria eta sufrimendua jasaten dituztela.

Zezenketetan zezenek tortura eta heriotza prozesua jasaten dute. Horrek argi eta garbi urratzen ditu animalia ongizatearen printzipioak, min, lesio eta beldurretik aske izatearenak barne. Animaliaren sufrimendu fisikoa eta mentala (zientifikoki egiaztatuta) nahita egiten da, eta ikuskizun sadiko baten zati da. Gainera, adin txikikoen eskura dago, guztion etorkizuna kaltetuz. 

Kasu horietan guztietan animaliek estresa, beldurra, balizko lesioak eta, zezenketen kasuan, heriotza bortitza jasaten dituzte. Beraz, animalia ongizatearen printzipioetatik urruntzen ditu. Halako ekintzek animalien kontrako indarkeria eta tratu txarrak normalizatzen dituzte, eta ez lirateke baimendu beharko. Are gutxiago gure zergekin. 


Robe Iniesta Herri Ekimen Legegileko kamisetarekin. UTZITAKOA

Altsasuko festetan bigantxak izateko proposamena aurkeztu dute. Zer iruditzen zaizue?
Altsasuar gisa, amorragarria eta lotsagarria da. HELeko kide Napali bezala, oso tristea iruditzen zaigu jende hain gaztea animalien kontrako tratu txarren alde egiteak. Gainera, irudimen gutxiko proposamena da, garai zaharrei edo inguru honetan hainbeste uko egiten den "España cañi" delakoari begiratzen dio. Ordezko zerbait egin zezaketen, haren ordez ginkana bat, edo, beti eskatzen dena, txikienendako zerbait. Bestalde, sistema dagoen bezala egonda, osasun publikoko anbulantzia bat erabili behar izatea, enpatia gutxikoa da. Era berean, albaitaria eta ekintza horietara bideratutako abelburuen abeltzaina den bat (hala ulertu genuen, barka oker bagaude) ez da egokiena proposamena albaitaritzaren ikuspuntutik defendatzeko, interes gatazka argia da. 

Sinadurak biltzen ari zarete. Zertarako?
Mariano Rajoyren gobernuaren legea indargabetzeko. Legeak eragozten du Espainiako Estatuko eskualde bakoitzak zezen festen inguruan ahotsa eta erabaki ahal izatea. Tauromakiaren Ondareari buruzko egungo legeak eragotzi egiten du, eta Madrildik ikuskizun sadikoak blindatuta uzten ditu. HELa aurrera aterata, legea indargabetzea eztabaidatuko da kongresuan. 

Napal kidearen arabera, "egungo legeak tratu txarra eta tortura baimentzen ditu. Datu objektiboak ematen dituzten albaitaritza txostenak (AVATMA) hala diote. Gaur egungo legea oso zinikoa da, tortura eta tratu txarrak ahalbidetzen ditu, baina ez da delitua. Ez du uzten zezenari edo behiari ostikoak ematea, baina gogoratu Lizarran duela urte pare bat gertatutakoa: gizonezko batek bigantxa lurrera bota eta gainean eseri zen. Edo Xavian itsasoan itota hil da zezen bat aurten. Ez zuen antolatzaileen kontrako inolako lege ondoriorik izan". 

Zer dio gaur egungo legeak?
Azaroaren 12ko 18/2013 Legeak, tauromakia kultur ondare gisa arautzen duena, gizartean gaitzespen zabala sorrarazten duten zezen ikuskizunak debekatzeko edo arautzeko erkidegoen eta udalen eskumenak zapaltzen ditu. Estatuko araudiak udalei eta erkidegoei galarazten die berezko kultur ondare adierazpideak arautzea. Hala, eskualdeen eskumenak mugatzen dira eta tauromakia babesten da beste edozein kultur edo arte adierazpenaren gainetik. Egungo legea 10/1991 legearen kontra egiten du, azken hori zezen ikuskizunen eta haien arautegi garapenaren administrazio ahalmenen ingurukoa da, eta erkidegoei eskumen horiek ziurtatzen dizkie. 

Zuen iritziz, legedia zein irizpidetan oinarritu beharko litzateke?

"Legedian animalien eta gizakien ongizateak lehentasuna izan beharko lukete"

Egungo legedian animalien eta gizakien ongizateak lehentasuna izan beharko lukete. Tradizio, arte adierazpide, ikuskizun, kultura edo erlijio bat bera ere ez luke aitzakia izan beharko edozein izaki biziduni kaltea eragiteko. Tratu txarra ez litzateke normalizatu beharko eta, are gutxiago, baimendu. 


El Drogas sinaduren fede emaile batekin. UTZITAKOA

Gutxieneko sinadura kopuru bat behar da?
500.000 sinadura behar dira. Momentuz, 350.000 jaso ditugu. 

Interesa duenak non eta noiz arte sina dezake?
Informazio guztia noesmicultura.org webgunean dago (egunero erasotzen dute, eta egunero sareratzen dute). Sinaduren atalean sinatzeko gertuen dagoen tokia non dagoen ikus daiteke. Online sina daiteke, ziurtagiri digitalarekin, eta puntu finkoetan. Nafarroan Baratza kafean (Iruñeko Bernardino Tirapu zeharbidea, 5), Zabaldin (Iruñeko Nabarreria kalea, 25) edo Segura fruta dendan (Antsoaingo Lapurbide kalea, 8). Sareen bidez antolatzen gara sinadurak taldean biltzeko. Altsasun azaroaren 2an, larunbatean, jasoko ditugu. 

Ekimenarekin bat egin nahi duenak zer egin beharko luke?
Aldekoak diren denda eta tabernak bat egitera animatzen ditugu, hala eroso sinatzeko espazio fisikoa izateko. Baita kausaren alde sinadura bilketan lagundu nahi duen edonor ere. Horretarako, aipatu webgunean sartu behar dute, "bat egin" atalean. Ekitaldi zehatzetan sinadurak biltzeko ere gurekin harremanetan jar litezke.