Astekaria

Altsasuko ferietako irudirik politenak

Guaixe 2024ko urr. 28a, 10:46

Argazki Rallyaren 2024ko irabazleak. NEREA MAZKIARAN / DIARIO NOTICIAS DE NAVARRA

40 argazkilarik parte hartu zuten Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako Argazki Rallyan. Ferietako igande goizean argazkiak egin, eta eguerdian erakutsi zituzten eta sari banaketa izan zen, Gure Etxea eraikinean.

Altsasuko ferietako igande goizeko giroa argazki kameraren bidez hartzea da, oinarrian, Altsasuko Mendigoizaleak taldearen Argazki Rallyaren helburua. Aurten argazki lehiaketaren 38. edizioa izan da, eta dagoeneko urriko azokako ezinbesteko ekimen bat bihurtu da. Bi kategoria zeuden, haurrak eta helduak, eta guztira 40 argazkilarik parte hartu zuten. Egunean zehar egindako argazkiak, eguerdian Gure Etxean ikusteko aukera izan zen; sari banaketaren ekitaldia ere egin zuten.

Argazki Rallyan parte hartu zuten argazkilariek antolakuntzak proposatutako gaien inguruko irudi bana hartu behar zuten; gaiak Altsasu eta bere feriak, umorea, Palestina, ilusioa eta beterania ziren. Ferian eta herrian egindako argazkiak goizean entregatu behar zituzten, eta eguerdi aldera irudien proiekzioa egin zen, epaimahaiak erabakia hartzen zuen bitartean.

Azken urteetan egin bezala, sari banaketa egunean bertan egin zuten, eta Bilduma Hoberenaren lehenengo saria Gurutze Langarika Urbitartek irabazi zuen. Bigarren saria Jose Luis Rodriguez Morenendako izan zen eta hirugarren saria Jose Benegas Floresek irabazi zuen. Altsasuren argazki hoberenaren saria Gorka Gomez Etxebarriak jaso zuen. Haurren kategorian bi sari banatu zituzten: Irune Negredo Hualdek irabazi zuen lehenengo saria eta Mikel Arratibel Lakuntzak bigarrena.

Argazki rallyak
Altsasuko ferietako Argazki Rallya ferietako tradiziozko ekimen bat izateaz gain, Euskal Herrian antolatzen diren beste hamahiru argazki rallyren Herriz herri Argazki Rallyen Txapelketarako baliagarria da, eta Euskal Herri osotik gerturatzen dira argazkilariak.

1985. urtean antolatu zuen Altsasuko Mendigoizaleak taldeak lehendabiziko aldiz ferietako argazki rallya, eta pandemian izan ezik, urtero antolatu dute. Duela zenbait urtera arte sari banaketa azaroan egiten zuten, baina "hotz" gelditzen zenez egunean bertan egitea erabaki zuten, eta eguna "luzatzen" den arren, formula gustatu zaie.