Txalaparta doinuekin hasiera eman zioten XIII. Arte Azokari urriaren 18an. Arte Azoka Altsasuko ferien baitan Artebide elkarteak egiten duen erakusketa da; ibarreko hainbat artistak parte hartzen dute, baita gonbidatutako zenbait artistak ere. Hamarkada bat baino gehiago darama Sakanako artearen erakusleihoa izaten. Azaroaren 17ra arte egonen da ikusgai, Iortia kultur guneko erakusketa aretoan.
Altsasuko ferietan nekazaritza eta artisau produktuen azoka eta ganadu erakusketak dauden bezala, artisten lanekin azoka bat egitea bururatu zitzaion Manolita Thunders artista altsasuarrari. Sakanako artistak lanean hasi ziren, Artebide elkartea sortu zuten, eta haren bidez, duela hamahiru urte, lehenengo Arte Azoka antolatu zuten. Hamahiru edizio pasa dira, eta dagoeneko Arte Azoka erakusketa eta ferietako igandean egiten duten azoka ezinbesteko bat bihurtu da urriko ospakizunetan.
Gutxi gorabehera urtero 30 bat artistak parte hartzen dute Arte Azoka. 2024ko edizioan honako artisten lanak ikus daitezke Iortiako erakusketa kolektiboan: Beatriz de la Vega, Joseba Salegi, Patricia Paats, Helena Santano Cid, Marijostai, Lali Burgoa De la Cal, Maite Miguel Zufiaurre, Mikel Montesinos, Sagri Mauleon Ezkutari, Patxi Zelaia Romeral, Jule Costa Mendia, Jesus Mª Olmos Amillano, Argine Berastegi Lizarraga, Carlos Rivera Lauria, Cristina Fernandez, Rosa Arnanz Zufiaurre, Josetxo Crespo Zulet, Txuspo Poyo, Koldo Arnanz Zufiaurre, Alfredo Hoyuelos, Ana Goikoetxea Salazar, Jose Mari Morcillo, Jesús Ignacio Miguel Amoztegi, Adela Sánchez Martín, Txarli Poyo eta Arturo Arrizabalaga. Gainera, Juan Manuel Fernandez Cuichan, Sara Pinto, Hoskai, Cabeza de Artista, Ana Martinez de Eulate, Emilia Centeno Patiño, Raquel Ingles Craqui eta Labea artista gonbidatuen lanak ere daude ikusgai.
Artearen diziplina ugari biltzen dira erakusketa bakar batean; margolan errealistak, abstraktuak, teknika mistoarekin egindakoak; eskulturak; instalazioak; argazkiak, baita ikus-entzunezkoak ere.
Aldarrikapena
XIII. Arte Azoka erakusketa ikus daitezkeen artelanen artean Dantzalekun kokatuta dagoen Txuspo Poyoren Zuhaitz-etxearen argazkiak daude, bi mezu handiekin: Ezin dugu gure ondarea galtzen utzi eta Publikoa sendatu, sortu, erein behar da (gaztelaniaz, No podemos permitir perder nuestro patrimonio eta Lo público debe ser curado, creado, cultivado). Instalazio honekin 2008. urtean mustutako eskulturaren egoera salatu eta udalari konpontzeko eta zaintzeko mezua helarazi nahi dute; sinadura bilketa egiten ere ari dira, erakusketan bertan.