Kontseilu Sozialistak (KS) eta Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) kezkaz begiratzen diote Sunsundeguiri: "egoerak aukera gutxi eskaintzen ditu, eta enpresa ixteko elementuak sortzen ari dira. Horrek ondorio latzak ekarriko lituzke enpresako langileendako eta ibarraren etorkizunerako". Ondorioa "Sakanako langileen bizi baldintza okertzea" litzateke, "zailtasun gehiago ekarriz ibarrean lana aurkitu eta bizitza garatu ahal izateko".
KSk eta LASek egoera "zail" horretan "inoiz baino garrantzitsuagoa" jo dute "antolatzea eta langile interesen alde borrokatzea. Beharrezkoa dugu indibidualismoarekin haustea eta langile klase antolatuaren gaitasunetan konfiantza izatea". Bi erakundeetako kideek Sunsundeguiko eta enpresa hornitzaileetako langileei elkartasuna adierazi diete.
Ardurak
Bi erakundeek gogoratu dute Sunsundeguiko langileei hiru hilabeterako aldi baterako lan erregulazio espedientea ezarri zaiela eta enpresa hornitzaileen artean Etxarri Aranazko batek 40 langile kaleratu dituela eta Altsasuko beste batean ere kaleratzeak izan direla. "Une honetan, langileendkao eta haien familiendako egoera bereziki gogorra denean, politikari edo enpresaburu bat ere ez da aurpegia ematera atera. Berriro ere argi geratu da enpresari kapitalisten interes bakarra negozioaren errentagarritasuna dela, eta politikariena kapitalaren errentagarritasuna, langileen etorkizuna batere axolagabe".
Enpresako zuzendaritzak hainbat iturritatik jasotako dirutza gogora ekarri ondoren, zera nabarmendu dute: "kapitalistek beren mozkinak handitzeko lan egiten dute langileak esplotatuz, baina langilea jada nahikoa ez direnean edo beste leku edo sektore batzuetan aukera errentagarriagoak opatzen dituztenean, ez dute zalantzarik izaten ixteko edo kaleratzeko, jada baliagarriak ez zaizkien langileen etorkizunaz kezkatu gabe". Erakundeetako politikaren mugak ere nabarmendu nahi izan dituzte: "errentagarritasuna handitzeko neurriak baino ezin ditu aukeratu, esate baterako, abantaila fiskalak eskaintzea, soldatak murriztea edo lan baldintzak okertzea. Beraz, ez dirudi erakunde horiek ezer positiborik ekarriko dutenik langile klasearendako".
Sakanako KS eta LAS Sunsundeguiko langileei eta beste enpresetan kaleratuak izan diren langileei elkartasuna adierazi diete. Borrokan jarraitzeko deia berretsi dute, "langileen antolakuntza independentearen bidez, bai kalean, bai lantokietan".