Emakumezkoen Preferente mailako seigarren jardunaldia aurreko guztiak bezain pozgarria izan zen Altsasurendako. Valle de Egüesen kontra jokatu zuen Altsasuk, Sarrigurenen. Partida hasi eta berehala hasi zen altsasuarren festa. 13. minuturako 0-3 aurreratu ziren Ane Vegasi, Alicia Elizalderi eta Nerea Arellanori esker. Bigarren zatia hasi eta berehala laugarrena sartu zuen Ane Vegasek, eta nahiz eta Valle de Egüesek gol bat sartu, altsasuarren festak aurrera segi zuen. Nerea Arellanok bosgarrena sartu zuen, Aingoa Agirrek seigarrena eta Nerea Arellanok zazpigarrena (1-7). Hat trick ederra lortu zuen Arellano altsasuarrak.
Orain arte jokatutako sei jardunaldiak irabazita, Altsasuk jarraitzen du lider sendo izaten (18 puntu), Gazte Berriak bigarrena 6 puntura duela (12 puntu). Asteburuan ligak atsedenaldia hartuko du, eta azaroaren 9ko asteburuan jokatuko den zazpigarren jardunaldian atseden jardunaldia dagokio Altsasuri.