Astekaria

"Kantuekin bereziki konektatzen dut"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko aza. 7a, 12:36

Ianire Aranzabe abeslaria, Esanezin proiektuaren sortzailea. utzitakoa

Esanezin Ianire Aranzabe abeslariaren proiektu pertsonala da. Bi disko kaleratu ditu, eta bere taldearekin azaroaren 9an Iortia kultur gunean izanen da, "ilusio" handiarekin

Ianire Aranzabek duela hiru urte bat inguru sortu zuen Esanezin proiektua. Musikarekin barruan zuena esateko "beharra" sentitu zuen. Bi disko kaleratu ditu: Aireratzen eta Erretratu bat. Lehenengoa "oso-oso pertsonala" da, eta bizitzako "egoera oso pertsonaletik" sortu zuen. Bigarrenerako "kanpora begira" jarri zen eta orainaren eta inguruaren "erretratu bat" egin zuen; "kanpora begira jartzean ere barruko gauza asko ikusten dira". Musika proiektua garatzen joan zen, eta zuzenekoetarako Arri Iraeta, Iñigo Asensio eta Imanol Rubiorekin taularatu zituen abestiak, laukote bat osatuz. Azaroaren 9an, Berria, Badok eta Sakanako Mank-aren eskutik, Nafarroako Gobernuaren eta Altsasuko Udalaren laguntzarekin, Iortia kultur gunean (19:30ean) kontzertua emanen dute. Ilusio "berezia" ematen dio Iortian jotzeak.

Nola sortu zen Esanezin proiektua?
Denbora oso azkar pasa zait, baina ez daramagu denbora gehiegi. Musika proiketu bat hastea beti zaila da, beste gauza asko bezala. Gauza on asko eta gauza konplikatu asko ditu, baina proiektua martxan jarri genuen agian momentu konplikatuenean: pandemian. 2021ean abiatu nintzen proiektu pertsonal gisa. Atzera begiratzea oso ondo ulertzen dut zergatik abiatu nuen hau guztia, baina momentuan bertan nik uste ez nintzela oso kontziente. Behar pertsonal handi batetik sortu nuen; asko eskertzen dut garai hartan hautu hori hartu izana.

Nolakoak izan ziren hastapenak?

"Barrukoa nonbaitetik ateratzeko eta askatzeko beharra nuen: musika"

Musika eskolan Oriol Flores ezagutu nuen eta komentatu zidan gustatuko litzaiokeela, nik nahiko banu, elkarrekin zerbait egitea. Nire kantatzeko modua gustatzen zitzaion. Garai horretan cover-rak egiten nituen. Oso kontziente izan gabe musika ihes egiteko modu bat zen. Momentu horretan bizitzen ari nintzen egoera pertsonalak nolabait ateratzeko eta askatzeko ezinbestean nengoen, eta nonbaitetik egitea eskatzen zidan: musikatik tira egiten nuen. Bide horretan asko lagunzen du. Oriolek eta biok kantu pare bat egin genituen eta dena alde beretik eta nahi gabe etorri zen; bideak eta bizitzaren gauza askok eraman ninduten horretara.

Proiektuaren izenak, Esanezin, asko iradokitzen du.
Nahiko garbi dago zergatik hasi nuen bide hau; izenak gauzak asko argitzen ditu. Niretako musika hitzez azaltzea kostatzen zitzaizkidan gauzak azaltzeko modu bat da. Askotan musikariak oso pisutsuak eta poetikoak gara honekin, baina musikak horretarako aukera batzuk ematen dizkigu, baita arteak ere. Kantuekin bereziki konektatzen dut, eta bizitzan halako zubiak eta bideak eraikitzen ditut kantekin. Zorionez hautu hau egin nuen; ez neukan oso argi musikan zer egingo nuen, bideak nora eramango ninduen, baina oso argi neukan izen horren pean izango zela. Denborak eta bideak baieztatu dit.

Bakarkako lanetik laukotera; nola garatu da? 
Lehenengo kantuak Oriolekin konposatu nituen eta lehenengo EPa berarekin grabatu nuen. Diskoa banda formatuan grabatu zen, eta zuzenekora pasatzerakoan somatu nuen. Hasieran bakarrik kontzertuak ematen nituen, baina gogoa sentitu nuen diskoa bere osotasunean taularatzeko. Modu naturalean nire inguruan jendea bilatzen hasi nintzen. Akustikoan jotzen dugu, eta asko eskerzen dudan formatu da, intimitatea ematen dizu. Oso eroso sentitzen naiz. Oraindik proiektu pertsonala da, eta musikariak proiektuaren barruan bidelagunak dira. Bigarren diskoan musikalki ere nabaritu da. Abestiak nik sortu ditut, baina grabaketaren bidean bandaren ikutu hori egon da. 

Zein da estiloa? Bidean aldatu da?
Esanezin pop dela esango nuke, eta ez nuke imajinatuko bat-batean popetik aldentzen den zerbait egitea. Egia da gaur egun gauzak asko aldatzen doazela, eta popak beste leku askotatik edaten du. Pop melankolikoa dela esatera ausartuko nintzateke. Lehenengo diskoa agian gogorarazten du garai bateko pop nahik soil bat, eta bigarren disko honetan ikus daitezke gaur egungo soinu eta erreferentzia musikal berria, baina pop izaten jarraitzen du. Agian borobilagoa da denborak ezagutza berriak eskuratzeko aukera ematen dizulako. Nire musika ikasketak oinarrizkoak dira, eta denborarekin ezagutza berriak eman dizkit. Bigarren lana ere hartu dugu, eta produkzioan lan handia egin dugu. Sendoagoa da, musikalki lan borobilagoa.

Azaroaren 9an Altsasun egongo zarete. Nolako emanaldia aurreikusten duzue?

"Besterik gabe gure kantuak eramaten ditugu; kantek bidelan hori egiten dute"

Berriak eta Sakanako Mank-ek urtero antolatzen duen zita bat da, eta guretzako oso pozgarria da eta poz handia ematen digu horrelako ekimen batean egotea. Ilusio bereziarekin gaude ez dugulako aukera asko aretoetan, zineetan eta ekipamendu politak dauden tokietan jotzeko. Beti da polita horrelako toki batean jotzea. Ilusio handiz hartu genuen proposamena, eta urduri gaude horrelako areto batean jotzeak suposatzen duenagatik. Gure emanaldiak badute gertutasunetik zerbait, ez dira diskoan entzun dezakezunetik kanpoko parafernaliarik edo gauza gehiegi daramagunik. Hori da gure esentzia. Jendeak esaten digu: ze potxoloak zareten. Oso ongi definitzen gaitu, eta gustatzen zaigu hori aldarrikatzea; besterik gabe gure kantuak eramaten ditugu. Publikoak goxo eta gertu hartzen ditu. Musikaren bidelan hori kantak egiten dituzte.