Urriko azken asteburuan Errumaniako Taekwondo Opena jokatu zen, E2 mailakoa, Europako Nazioarteko Zirkuiturako baliagarria den proba garrantzitsua. Bertan Bargagain klubeko zazpi sakandarrek parte hartu zuten, Lezkairu klubaren izenean. "Bi klubetako irakaslea naiz, eta taldekako txapelketetan lehiatzeari begira, hobe zen guztiak klub baten izenean lehiatzea. Lezkairuko administraziotik babes gehiago dugunez, horregatik Lezkairuren izenean lehiatzen gara" azaldu du Gerardo Montero Bargagain klubeko irakasleak.
Errumaniara joan ziren zazpi sakandarrak Leire Etxaniz, Aiala Dorronsoro, Zoe Lanz, Irea Etxaniz, Irati Irigoien, Saray Agudo eta Mohamed Essobai izan ziren, eta lan ederra egin zuten. Emaitzei erreparatuta, Irea eta Leire Etxaniz ahizpen lana azpimarratzekoa izan zen.
Irea Etxanizek brontzezko domina lortu zuen bi borroka irabazi eta finalerdietan openeko irabazlearekin galdu eta gero. Leire Etxanizek ere brontzezko domina jantzi zuen, hiru errondatan Ukraina, Grezia eta Mexikoko ordezkariak gainditu, eta finalerdietan gerora txapelduna izan zen Frantziako ordezkariarekin erori eta gero.
"Errumaniako sentsazioak, oro har, oso onak izan dira, eta brontzezko bi domina ekarri ditugu. Aipatzekoa da Leirek lau borroka egin zituela, eta munduko errankingean bigarren den Frantziako ordezkariarekin gutxieneko aldearengatik erori zela. Lortutako dominei esker, bi ahizpek denboraldirako puntu garrantzitsuak lortu dituzte, eta rankingean igotzen joateko aukera dute".
Asteburuan Iruñeko Hiria Openean lehiatu ziren Bargagaingo borrokalariak.